Arrasate Udalak etxebizitzen inguruko Ekintza Planaren gaia jasotzen duen aldizkaria banatuko du

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 29a

Arrasateko Udalak banatuko duen aldizkaria. (Irudia: Arrasateko Udala)

Arrasateko Udalak etxebizitza-diagnosiaren eta Ekintza Planaren inguruko aldizkari berezi bat banatuko du etxez etxe. Gainera, horrekin loturako hitzaldia ere ikusgai jarri du YouTuben, herritarrei diagnosia eta eta hartutako neurriak xehe azaltzeko helburuarekin.

Duela hilabete izendatu zuten Arrasate bizitegi-eremu tentsionatu, eta, ordutik, Udalak etxebizitzaren egoeraren inguruko informazioa herritarren eskura jartzeko "ahalegin berezia" egin duela adierazi du. Horren adibide dira, pasa den astean udal teknikariek eta arduradun politikoek egindako aurkezpen publikoa, edota, orain zabaltzen ari diren aldizkaria.

Etxez etxe banatuko den Udal aldizkariak, etxebizitzaren egoera eta etorkizunerako diseinatutako neurriak azaltzen ditu. Bertan, egindako diagnosiaren ondorio nagusiak eta datozen urteetarako prestatutako Ekintza Planaren xehetasunak "modu ulergarrian" jasotzen direla azaldu dute. Bestetik, udal ordezkariek eta teknikariek egindako aipatutako aurkezpena, bere YouTube kanalean ikusgai jarri du Udalak. 

Lau ardatz dituen Ekintza Plana

Udalaren arabera, 2024 eta 2025 artean egindako diagnosiak agerian utzi du Arrasateko etxebizitza egoeraren "larritasuna". Diagnosian jasotzen da alokairuaren prezioa %23,9 igo dela 2017tik 2022ra bitartean, eta etxebizitza publikoaren eskaintza parke osoaren %8,07koa baino ez dela. Testuinguru horretan, Udalak dio eremu tentsionatu izendapena "beharrezkoa" dela, alokairuen prezioei muga jartzeko eta etxebizitza publikoaren eskaintza handitzeko.

Egoerari aurre egiteko, lau ardatz nagusitan egituratutako Ekintza Plana aurkeztu du Udalak. Lehenengo ardatzak, alokairu eskuragarria sustatzea du helburu: etxebizitza hutsak merkatura ateratzea eta datozen 15 urteetan 1.000 etxebizitza inguru sustatzea aurreikusten da. Bigarren ardatzak berritzea eta berroneratzea jasotzen ditu, lokalak etxebizitza bihurtzeko erraztasunak eta etxebizitza handiak zatitzeko aukerak sustatuz. Hirugarrenk, kontrolari eta gobernantzari lotuta dago. Horren baitan, alokairuen prezioei mugak jartzea eta hutsik dauden etxebizitzei zerga berezia ezartzea aurreikusten du Udalak. Azkenik, laguntza eta hobari sistemak indartzea planteatzen da, gazteentzako alokairu laguntzak eta etxebizitzen jabeentzako zerga hobariak barne.

Plan hori garatzeko, Arrasateko Udalak 5 milioi euro inguruko inbertsioa iragarri du. Kopuru horren barruan sartzen dira San Andres Berriko lursailen lagapena —1,7 milioi euroko balioarekin— eta La Merced eraikina erosteko aurreikusitako 3 milioi euroko inbertsioa. "Izendapen honekin ate berri bat zabaltzen zaio Arrasateri etxebizitza eskubide gisa aldarrikatzeko eta ez negozio gisa", esan du Maider Morras alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak