Big Band Eguna: harrobiko musikarien eta eskarmentua dutenen topagunea bihar

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 29a

Barcelona Blues Big Band taldeko kideak. B.B.B.B.

Lau emanaldi izango dira aukeran: Arrasate Musikal Big Band eta Gasteizko Big Band Berri, Zaldibar frontoian, 13:00etan; eta Arrasate Musikal Big Band Gazte eta Barcelona Blues Big Band, Mondragon Hotelean, 19:00etan.

Zero kilometroko izaerari eutsita eta "kaleak bizirik egoteko" helburuarekin jarraituz, blues musikarekin eta horren bueltako bestelako doinuekin beteko ditu herriko bi gune Ibai-arte merkatari elkartearen Arrasate Blues jaialdiak zapatuan; Arrasate Musikal eskolarekin elkarlanean, Big Band Eguna antolatu dute. Arrasateko bi talde eta Gasteizko eta Bartzelonako bana izango dira taularen gainean; kontzertuak dohainik dira.

Zuzeneko musikaz gain, uztailean egingo duten zortzigarren Arrasate Blues jaialdiaren egitarauaren eta merchandising-aren aurkezpenak izango dira.

AM Big Bandek, 25 urte

Zigor Martinezek zuzentzen duen Arrasate Musikal Big Banden 25. urteurrena izan da Big Band Eguna antolatzeko akuilu nagusia. "Ibilbide oparoa ospatzeko biharko kontzertuez gainera, datozen hilabeteetan aurkeztuko ditugun beste hainbat proiektu ditugu labean; horien artean, grabatu berri dugun diskoaren argitalpena", dio Martinezek.  

Hemeretzi lagun izango dira bihar, 13:00etan, Zaldibar frontoiko agertokian. "Gure eskolako gaur egungo eta garai bateko ikasleak eta bailarako beste musikari batzuk daude taldean. Oso gustura nago eurekin, urtez urte hobetzen goaz eta gorako bidean jarraitzen dugu. Blues, soul eta rock doinuak dituen zazpi kantuko errepertorioa prestatu dugu, instrumentalak eta abestutakoak tartekatuta", azpimarratu du.

Harrobi "sendoa"

2018an sortutako Arrasate Musikal Big Band Gazte taldearen emanaldia ere izango da, Mondragon Hotelean, 19:00etan; hori ere, Martinezen zuzendaritzapean. "Helduen Big Bandera salto egin aurretiko zubia da. Hamabi lagun izango gara bluesaz gain rocketik asko duen kontzertua egiten". Azken orduko sorpresa bat ere izango da; izan ere, Mugarik Gabeko Musikariak elkartearen eskutik aitortza jasoko du talde gazteak.

Orain dela 20 urte Gasteizko Luis Aramburu Udal Musika Eskolan sortutako Big Band Berri taldekoak ere "gogotsu daude; aspaldiko harremana dugu Arrasateko eskolarekin. Bluesaz gainera, jazz eta musika brasildar ukitua duen errepertorioa jotzeko eta egun-pasa ederra egiteko irrikan gaude".

Bartzelonatik, "izar handiak"

Eskarmentu handiko Ivan Kovacevic kontrabaxu-jotzaileak gidatzen duen Barcelona Blues Big Band izango da laugarren gonbidatua. "Arrasate Bluesekin harreman estua duen Noa Egiguren abeslariarekin batera izango dira. Rhythm and bluesaren erreferentzia nagusietako bat da Bartzelonako talde handia; sekulako luxua da Europa osoko puntako eszenatokietan ari den talde hori Arrasaten zuzenean ikusteko aukera izatea", gaineratu dute antolatzaileek.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak