Irene Dolara: "Ez gara faboritoak, baina ez dugu ezer galtzeko, finala irabaztera goaz Zarautzera"

Xabier Urtzelai 2026ko maiatzaren 29a

Geurea taldeko neskak, joan den astean La Unicaren kontra irabazitako partiduan.

Euskal Ligako finalerdian La unicari 37-10 irabazi eta gero, Geureako neskek finala jokatuko dute, bihar, gaztediren kontra. taldeko kide irene Dolarak dio dagoeneko bete dutela helburua, baina garaipen gosez doazela zarautzera.

Arrasateko, Elorrioko eta Zornotzako jokalariz osatutako Geurea Rugby Taldeak lehenengoz jokatuko du final bat. Zarautzen izango da hitzordua, zapatu arratsaldean, 15:30ean, Asti kirolgunean, eta Arrasatetik –eta Elorriotik– klubek autobusak jarri dituzte hara joateko. "Bistan da zale faltarik ez dugula izango", dio Irene Dolara jokalari arrasatearrak, barre eginez. Hiru herritako zaleak talde bakarra animatzen izango dira, horrenbestez. Eta aurrean Gasteizko Gaztedi talde handia izango dute.

Ligako onena aurrean

Kategoriako talde indartsuenaren aurka jokatuko dute, dagoeneko Ohorezko Mailara igo den Gaztedi. "Gasteiztarrek ligako jardunaldi guztiak irabazi dituzte, baita gure kontra jokatutako biak ere, eta dagoeneko lortu dute kategoriaz igotzea. Joanekoan, Arrasaten, emaitza 10-17 izan zen, baina partidu lehiatua izan zen, pareko egon ziren indarrak. Itzulerakoan, berriz, Gasteizen, errazago irabazi ziguten. Hala, badakigu
zapatuko finalera begira eurak direla faboritoak, baina horrek ez gaitu arduratzen. Neurri handian, guk sentitzen dugu dagoeneko helburua bete dugula, gutako asko lehenengoz izango gara halako final batean, eta, hain zuzen, hor dago gure indarra. Helburua bete dugula sentitzeak ez du esan nahi dena emango ez dugunik; hain justu,
kontrakoa da, batere presio gabe goaz, dena ematera, eta La Unicaren kontra joan den zapatuan erakutsi genuen zer egiteko kapaz garen. Zarautzera ez goaz gozatzera eta esperientzia bizitzera. Nik, behintzat, ez ditut halakoak esango; finala irabaztera goaz", dio Dolarak.

Hiru herri, talde bat

Arrasatek zazpi jokalari ditu Geurea taldean, eta ez da lehenengo aldia ligan taldea osatzeko beste herri batzuetako ordezkariekin batzen direna. "Zornotza, Elorrio eta Arrasate gaude Geurearen atzean. Hiru herri elkartu, eta ilusio handiz hasi ginen lanean. Denboraldian zehar erakutsi dugu benetan garela talde bat, bai zelai barruan eta baita zelaitik kanpo ere. Oso harreman ona dugu gure artean, eta hori igarri egiten da. Bereziki, La Unicaren kontra joan den astean jokatu genuen finalerdian talde moduan jokatu genuen, entsegu batekin amaitu genuen partidua, eta partidu
borobila izan zen".

Mojategin, bikain

Hain zuzen, joan den zapatuan Geurea taldeak Arrasateko zaleen aurrean lortu zuen finalerako txartela (37-10). Kontrario gogorra izan zuten aurrean, La Unica. "Nafarrak indartsuak dira, jokalari handiak dituzte, eta bagenekien partidu zaila izango zela. Gainera, aurten euren kontra jokatutako bi partiduetan sorpresak hartu ditugu. Lehe- nengo itzuliko partiduan irabazi egin genien, baina bigarren zatian sufritzea tokatu zen. Eta Iruñean jokatutako partidua galdu egin genuen. Edozelan ere, zapatuan esperantzarekin zelairatu ginen". Izan ere, ez zen partidu erraza izan. Lehia parekatuta hasi zen, eta etxekoei kosta egin zitzaien puntuak batzen hastea. Baina Zabala entrenatzailearen neskek baloiarekin iniziatiba handiagoa izan zuten eta pixkanaka neurketaren kontrola hartu zuten. Orain, denboraldia borobiltzea geratzen da, eta Zarautzen dute azken geltokia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak