Arrasateko Udalak, Gizabideak eta Garaia parke teknologikoak hitzarmena sinatu dute Iturripe berritzeko asmoetan beste pauso bat emanaz

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 28a

Arrasateko alkate Maider Morras eta Fagor Taldeko Aritz Otxandiano hitzarmena sinatzen. (Argazkia: Arrasateko Udala)

Hitzarmenari esker Udalak Iturripeko lursailaren jabetza lortuko du. Kirol-instalakuntzak berritzeko bidean "funtsezko urratsa" dela adierazi dute Udaletik.

Hiru alderen arteko hitzarmena sinatu dute Arrasateko Udalak, Gizabidea Fundazioak eta Garaia Parke Teknologikoak (S. Coop.); hitzarmen "garrantzitsua" Udalaren esanetan. Horren helburua da Iturripe eremuan herritarrei zerbitzu emango dieten "kirol-azpiegitura egokiak proiektatzea eta garatzea", gaur egungo "instalazioak berrituta eta hobetuta". Hala adierazi dute prentsa-ohar bidez: "Proiektu hau ezinbestekoa da herritarrei nahitaezko gutxieneko zerbitzuak bermatzeko eta udalerriko kirol-eskaintza modernizatzeko. Horrez gain, ibai ertza birnaturalizatuko da, ibaia berroneratuz".

Sinatutako hitzarmenarekin Gizabidea Fundazioarena den Iturripeko partzela eta Arrasateko Udalarena den Garaia Parke Teknologikoan kokatutako ESLD1 finka trukatuko dituzte. Horretarako, Garaia Parke Teknologikoak uko egingo dio eraikin horren gainean duen egungo administrazio-emakidari, eta, horren ordez, azalera-eskubide bat sortuko da bere alde, haren jarduera bermatuz.

Arrasateko Udalak eskerrak eman gura izan dizkie Gizabideari zein Garaia Parke Teknologikoari "adostasunerako prestutasunagatik eta lankidetzarako asmoagatik". 

Jarraipen batzordea

Behin hitzarmena sinatuta, aldeek jarraipen batzorde bat osatuko dute hitzarmenean jasotako konpromisoak eta izapideak –jabetza aldaketak, erregistroko inskripzioak…– behar bezala betetzen direla ziurtatzeko. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du konpromiso guztiak gauzatu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak