2016an onartutako egungo ordenantza berrikusi eta "arau jasangarriago, eraginkorrago eta demokratikoago bat" osatu nahi dute. Udal Gobernuaren esanetan, "egun indarrean dagoen ordenantzak, ia hamar urteko ibilbidean, ez ditu lortu jarritako helburuak". Horregatik, "garbiketaren oinarriak zabaldu behar dira, irizpide jasangarriak ezarriz, hondakinen kudeaketa egokia bermatuz, herri zaintzaren ardura partekatua azpimarratuz eta prebentzio bitarteko berriak indartuz".
Kontzientziazioa sustatu
Udalaren arabera, ordenantza berriaren helburuetako bat prebentzioan sakontzea izango da. "Helburua ez da gehiago garbitzea, gutxiago zikintzea baizik”" azaldu dute. Horretarako, haur eta helduentzako kontzientziazio kanpainak eta formakuntza ekimenak sustatuko dira.
Ordenantza berriaren helburuak
- Garbiketa eredu jasangarria: "Prebentzioan eta kudeaketa eraginkorrean sakonduko" duen eredura igarotzea. Ingurugiroari "kalte txikiena" eragiteko bitarteko berriak ezartzea bilatuko da, herritarren eta erakundeen konpromisoa lortuz eta kontzientziazioa sustatuz.
- Adierazpen askatasuna eta bizikidetza: Herritarren eta eragileen adierazpen publikorako eskubidea bermatzea, espazio publikoaren erabilera demokratikorako oinarriak adostuz. Horretarako, besteak beste, hainbat adierazpen libreko gune berri aurreikusi dira.
- Zero zabor filosofia: Hondakinen kudeaketi lotutako herritarren kontzientziazioan eta formazioan oinarritutako kanpainak indartzea.
- Ondarearen babesa: Herriko ondare historiko zein publikoa zaintzea, adibidez, txakurren pixak garbitzen lagunduz, edota kalterik eragiten ez duten komunikazio-euskarri egokiak eskainiz.
- Proportzionaltasuna: Baimen-sistemak erraztea eta zehapen-araubidea berriztea, zigorraren aurretik ohartarazpena edo borondatezko zuzenketa lehenetsiz.
- Genero-ikuspegia eta berdintasuna: Espazio publikoa irisgarria eta segurua izatea bermatzea, kolektibo guztien ahotsa errespetatuz.
- Gorroto-mezuak kanporatzea: Mezu matxista, arrazista, LGTBIfobo, iraingarriak edo diskriminatzaileak berariaz debekatzea.
Adierazpen askatasuna bermatzeko gunea
Araudi berriak hondakinak eta zakarrak lurrera botatzea saihesteko neurriak jasoko ditu, birziklatzea eta garbiketa jasangarria sustatuko ditu, eta "adierazpen askatasuna bermatzeko" adierazpen libreko gune berrien proposamena txertatuko du. "Herritarren eta eragileen adierazpen publikorako eskubidea bermatzea" izango da helburuetako bat, "espazio publikoaren erabilera demokratikorako oinarriak adostuz".
Adierazpen askatasunaren inguruan, Udalak gogorarazi du 2016ko ordenantzak sortutako gatazka nagusietako bat izan zela gai hori, "bertan jasotako mugek herritarren eta eragileen komunikazio-beharrak zailtzen baitzituzten". Horri erantzuteko, gaur egun eragileek erabiltzen dituzten hainbat gunetan adierazpen libreko espazio berriak proposatu ditu: "Elkarrekin adostutako irtenbideak bilatzea funtsezkoa da, gaur egungo ereduak ez baitu lortu espazio publikoaren kalitatea bermatzea", adierazi dute.
Udalaren datuen arabera, 2016tik hona 161 espediente administratibo izapidetu dira eta 291.568 euro bideratu dira fatxadak garbitzera, "emaitza esanguratsurik lortu gabe".
Parte hartze prozesua martxan
Parte hartze prozesuaren lehen fasea dagoeneko martxan da, eta herritarrek ekainaren 28ra arte egin ahal izango dituzte ekarpenak eta proposamenak Udalaren webgunearen edo BAZ zerbitzuaren bidez. Uztailean zehar, berriz, herriko eragileekin elkarrizketa eta parte hartze saioak egingo dira. Jasotako ekarpenekin, irailetik urrira bitartean ordenantzaren lehen zirriborroa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dira. Behin ekarpenak txertatuta, testua osoko bilkurara eramango da behin-behineko onarpenerako, eta ondoren alegazio epea zabalduko da.
Azkenik, Arrasateko Udalak herritarrak prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu, "guztion artean herri jasangarriago, garbiago, biziago eta errespetuzkoago bat eraikitzeko".