Arrasateko EAJk tenperatura altuei lotutako udako zerbitzuak lehenbailehen martxan jartzea eskatu dio Udalari. Jeltzaleen ustez, ur-txorroten parkeek dagoeneko martxan egon beharko lukete, azken egunetan egin duen beroarengatik. Horregatik, ur-parkeak aste honetan bertan irekitzea eskatu dute.
"Garrantzitsua da herritarrei beroari aurre egiteko tresna eta espazio irisgarriak eskaintzea, eta parke horiek, hain zuzen ere, funtzio hori betetzen dute”, adierazi dute talde jeltzaleko ordezkariek, beraiek alkatetzan zeuden azken urtean, 2023an, txorroten parkea maiatzaren 1ean ireki zela gogoraraziz.
Kezka kanpoko igerilekuetako txosnarengatik
Era berean, jeltzaleak kezkatuta agertu dira kanpoko igerilekuetako txosna zerbitzuaren
egoerarekin. Ekainaren 12an jarriko dira martxan kanpoko igerilekuak, baina, azaldu dutenez, egungo epeek iradokitzen dute txosna zerbitzua ezingo dela aste batzuk beranduagora arte martxan jarri.
"Gure ustez, zerbitzu horiek udan kanpoko igerilekuek eskaintzen duten esperientziaren eta ohiko erabileraren parte dira, eta, horregatik, positiboa litzateke lehen egunetik bertatik erabilgarri egotea", adierazi dute. Bide horretan, beharrezko izapide guztiak bizkortzea eskatu dute, txosna zerbitzua ahalik eta azkarren martxan jarri ahal izateko.