Arrasateko Udalak eta San Andreseko jai batzordeko kideek eskatuta, mural bertikal bat margotzen ari da Mutiko Kristal grafitigile arrasatearra. Doctor Bañez kaleko eraikin batean ari da murala egiten, etxebizitzako bizilagunen oniritziarekin. "Bizilagunak oso pozik agertu dira Jai Batzordearen eta Udalaren proposamenarekin", adierazi du Arrasateko alkate Maider Morrasek. Lanak maiatzaren 18an hasi ziren, eta ekaina erdi aldean bukatuta egotea espero da.
Auzoaren jatorriari erreferentzia
Muralak auzoaren jatorriari erreferentzia egitea du helburu, izan ere, 60ko hamarkadan San Andresera etorritako migranteak ditu oinarri, zehazki, emakume migranteak. Emakume hauek zein hauekin izandako elkarbizitza omentzeko modu bat dela azaldu du Morrasek: "Lana bilatu eta bizi baldintza hobeagoak bilatzera etorri ziren emakume migranteei egiten zaie omenaldia. Beraien jaioterriak atzean utzi, eta Arrasaten bizi berri bat abiatu baitzuten, garaiko gorakada industrialarekin batera. 60ko hamarkadan etorri ziren horiek hemen errotu ziren, seme-alabak izan zituzten, eta elkarbizitzan gaur egun arte iritsi gara. Eta, gaur gaurkoz, inor gutxik jartzen du zalantzan aniztasun horren balio garrantzitsua. Denok batera eraiki dugu gaurko Arrasate. Migrazioek dakarten elkarbizitza erdigunean jarri izan nahi dugu".