Bi txandatan banatu dute jardunaldia: 2018tik 2021era bitartean jaiotakoak aritu dira lehenengo, eta 2014-2017 urte bitartean jaiotakoak gero. Kasu bietan, nerbioak kentzeko beroketa ariketekin hasi dira, eta, ondoren, taldeka antolatu eta borrokaldi ezberdinak egin dituzte. Guztiak izan dira txapeldunak: parte hartu duten haur guztiei oroimenezko domina eman diete, eta baita motxila bat ere, jatekoekin eta urarekin.
Gehiagotan egiteko gogoz
Judoaren printzipioak bereganatzeko urtean zehar egiten duten lana kaleratzea izan du helburu gaurko saioak. Gustura geratu dira emaitzarekin, eta bigarren aldirik izango den galdetuta, seguruenik izango dela erantzun du Arrasate Judo Elkarteko zuzendaritza-taldeko kide Gaizka Aranegik: "Gustatuko litzaiguke gehiagotan egitea, urtean behin, printzipioz. Baina lehenengo balorazio bat egin behar dugu, eta aztertu, egitekotan, hau den sasoirik egokiena. Izan ere, maiatza ekintzaz eta askotariko kirol jardueraz beteriko hilabetea da, eta, agian, ideia ona izan daiteke, adibidez, Gabon inguruan egitea".
Esker hitzak izan ditu Arrasateko Udalarentzat eta babesle guztientzat, eta baita guraso taldeentzat ere: "Lan handia da, eta izugarri ondo joan da".