Udalaren helburua inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzea izan da, eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzea herritarrentzat.
Etxezarreta parkea, Deba ibaiaren meandro batean kokatuta dago eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak dituen espazioa da. Orain arte, egoera degradatuan egon den arren, izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua gordetzen ditu (sekuoiak, zedroak, haginak, etab.), eta horiek berreskuratu eta ikustaraztea izan da proiektuaren ardatz nagusietako bat.
Maiatzaren 31n, goiz osoko egitaraua
Goiz osoko egitaraua antolatu du Udalak maiatzaren 31rako, Txatxilipurdi elkartearen laguntza eta elkarlanarekin. Izan ere, parkea ezagutzeko aukera izateaz gain, Txatxilipurdik antolatutako Familian Jolasean ekimenarekin bat egingo du hitzorduak.
Egitaraua:
● 10:00etan: Etxezarretara ibilaldia familian Arruenatik, Txatxilipurdirekin batera.
● 11:00etan: Bisita gidatu historikoa eta botanikoa, parke berria ezagutzeko.
● 11:00etan: Umeentzako jolasak Txatxilipurdirekin.
● 12:30etan: Arrasate Musikaleko Konboaren kontzertua.
Aisialdirako natura-gune berria Etxezarretan
Berreskuratu den Etxezarretaren parke botanikoaren proiektuak herritarren aisialdirako naturgune berria sortzea izan du helburu. Honako esku-hartze hauek burutu dira:
● Lorategi barneko bide sare natural berria, 416 metroko luzerakoa. Garai bateko bide sarea galduta bazegoen ere, puntu batzuetan berreskuratu eta berriak sortu dira.
● Landarediaren lehengoratzea: berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarri da. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatu dira (koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak, etab.), guztira 80 bat landaketa berri eginez.
● Altzari berriak: Atsedenerako egurrezko eserleku berriak jarri dira, herritarrek naturaz goza dezaten, eta laster ezarriko dira seinale berriak eta informazio panelak.
Arrasateren altxor ezkutuetako bat
"Etxezarreta parkeak Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratu da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako kalitatezko gunea uztartuz”, adierazi dute Udaletik. Obraren aurrekontua 114.408 eurokoa da (BEZ barne) eta Txukun Lorazaintza S.L. enpresak egin ditu lanak.