Ikerlan 34 milioi eurora iritsi da startupetan eta teknologia-transferentzian estrategia indartuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 21a

Ikerlanek gaur egin duen Ohiko Batzar Orokorreko une bat. Argazkia: Ikerlan.

MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Ikerlan zentro teknologikoak gaur, eguena, egin duen Ohiko Batzar Nagusian adierazi dute 34 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuela 2025 urtea; aurreko ekitaldiarekiko %3ko hazkundea dakar horrek eta azken urteetako goranzko joera sendotzen du.

Zenbateko horretatik, 19 milioi euro enpresekin garatutako I+G proiektuei dagozkie, eta beste 13 milioi euro programa publikoetako ikerketa jardueretatik etorri dira.

“2025 urte positiboa izan da Ikerlanentzat, eta egindako ahaleginari esker, gure hazkundea sendotu eta enpresei balioa transferitzeko orientazioa indartu dugu. Lortutako emaitzek gure ereduaren sendotasuna eta gero eta lehiakorragoa den ingurune batera egokitzeko dugun gaitasuna erakusten dute. Gaur egun, Ikerlan proiektu teknologiko eta kooperatibo sendoagoa, garrantzitsuagoa eta ingurunean eragin positibo handiagoa duena da”, adierazi du Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak gaur Arrasaten egin duten Ohiko Batzar Nagusian.

Era berean, 1,8 milioi euroko inbertsioak egin ditu funtsezko azpiegitura teknologikoak indartzeko, hala nola PCB eta energia-biltegiratze laborategiak, etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko giltzarri direnak.

Startupen ekosistemari bultzada

Startupen ekosistema bultzatzea izan da ekitaldiko mugarri nagusietako bat. Horren eredu dira ORBIK Cybersecurity kooperatiba bihurtu izana eta MONDRAGONekin sinatutako akordioa; azken horri esker, datozen lau urteetan 10 milioi euro baino gehiago mobilizatuko dituzte Euskadin enpresa-ekimen berriak sortzeko.

Adimen Artifiziala ardatz estrategiko gisa

2025ean zehar, Ikerlanek IK2029 marko estrategiko berria definitu du, MONDRAGONen proiektu sozioenpresarialaren eta Euskadiko Industria Planaren lehentasunekin lerrokatuta. Plan horrek adimen artifiziala eraldaketarako ardatz nagusi gisa kokatzen du, ez soilik palanka teknologiko moduan, baizik eta Ikerlanek inguruko enpresek teknologia hori bereganatzeko prozesuan erreferentziazko eragile bihurtu gura duen eremu moduan ere, haien lehiakortasunean eta industria zein enpresa erronka berrietara egokitzean modu erabakigarrian lagunduz.

Testuinguru horretan, ikerketa zentroko presidente Adolfo Plazak zera azpimarratu du batzarrean: "Ikerlanek rol estrategikoa betetzen du enpresen lehiakortasunean, bereziki gaur egungo azelerazio teknologikoaren testuinguruan. 2025ean lortutako aurrerapenek, bereziki startupen sustapenean eta etorkizuneko estrategiaren definizioan egindakoek, datozen urteetan inpaktu ekonomiko eta soziala sortzen jarraitzeko oinarriak ezartzen dituzte. Aurrerapauso sendoak ematen eta erabaki estrategiko giltzarriak hartzen jarraitu behar dugu gure bokazio teknologikoaren, konpromiso kooperatiboaren eta ingurunearekiko sustraitzearen alde".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak