Ointxeko kirol-zuzendari Iñaki Ogarak adierazi duenez, senior mailako emakumezkoen bigarren taldea mailaz igotzea oso garrantzitsua izan da, jokalari gazteak direlako eta harrobiko jokalariek talde nagusian jokatzeko aukera gertuago izango dutelako: "Oso garrantzitsua da guretzat; izan ere, oso zaila da junior maila batetik Liga Femenina 2 Mailara igotzea urte batetik bestera. Bigarren Maila Nazionalera jauzi egitea ere konplexua da, baina, behintzat, eskailera hori sortua dago".
Mailaz igotzea helburu
Ogarak azaldu duenez, hasieratik mailaz igotzea taldearen helburuetako bat zen, bazekitelako jokalarien maila "handia" zela. "Dena dela, helburu nagusia izan da talde gazte horri ahalik eta formakuntza onena ematea".
Hurrengo denboraldian, baina, aurretik erronka "zail baina polita" izango dutela azpimarratu du kirol-zuzendariak: "Euskal Herrian, gutaz aparte, bi dira Liga Femeninan eta Euskal Ligan lehiatzen diren talde bana duten klubak. Zaila izango da, baina erronka oso polita da guretzat".