Arrasate Judo Elkarteak antolatutako lehen judo topaketa egingo dute domekan

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 21a

Arrasate Judo Elkarteko kideak. Argazkia: Gaizka Aranegi.

Arrasate Judo Elkarteak antolatutako lehen judo topaketa egingo dute domeka honetan Uarkape pilotalekuan. 2014 eta 2021. urteen artean jaiotako umeek parte hartuko dute, eta goizeko bederatzi eta erdietan hasiko da.

Gaizka Aranegik, Arrasate Judo Elkarteko zuzendaritza-taldeko kideak, adierazi duenez, topaketaren helburua da "gaztetxoenek lagun berriak egitea eta urtean zehar ikasitakoa praktikan jartzea". Eta lehen judo topaketa antolatzea erabaki dute, judoka txikienek "faltan igartzen dutelako" beste klub batzuetako judoken aurka lehiatzea: "Beste kirol batzuetan gaztetxoek lehiatzeko eta txapelketetan edo topaketetan parte hartzeko aukera gehiago izaten dutenez, gabezia hura betetzeko elkarteko kide gazteenentzako topaketa bat egitea pentsatu genuen".

Ikastea eta gozatzea helburu

Txapelketa bat egin ordez, gaztetxo guztiek judoaz gozatzeko aukera bat izatea da helburua: "Helburua ikastea, partekatzea eta judoaz gozatzea da, errespetua, adiskidetasuna eta elkartasuna sustatuz. Parte hartzen duten haur guztiek oroimenezko domina bat eta ura eta fruta dituen poltsa bat jasoko dituzte jardunaldia amaitutakoan", dio zuzendaritza-taldeko kideak. Jardunaldia 09:30etik 13:30era izango da, eta bi txandatan banatuko da: alde batetik, 09:30etik 11:30era 2018 eta 2021. urteen artean jaiotako haurrentzat, eta, bestetik, 11:30etik 13:30era 2014 eta 2017. urteen artean jaiotakoentzat.

Ondarroako, Azpeitiko, Zumaiako, Legazpiko, Zarauzko, Usurbilgo eta Arrasateko judokak izango dira topaketan, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, 200dik gora ume elkartzea espero dute: "Ilusio handiz prestatu dugu eta gure klubeko lagun guztiekin partekatu nahi dugu. Bide batez, klubetik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Arrasateko Udalari, eta baita laguntzaile eta babesle guztiei ere, haien laguntzarik gabe jaialdi berezi hau ospatzea ezinezkoa izango litzatekeelako".

Ikasturte amaiera

Ikasturtea amaitzear badago ere, Aranegik azpimarratu du domekan Uarkapen egingo den topaketa ez dela elkarteko kideek parte hartuko duten azken hitzordua izango: "Izan ere, denboraldia amaitzeko, Ondarroan, Usurbilen eta Debagoienean egingo den Gipuzkoako Txapelketa eta infantilen eta kadeteen Espainiako Txapelketa geratzen dira, eta hitzordu garrantzitsuak izango dira taldearendako".

Judo elkartea, "osasuntsu"

Gaur-gaurkoz, 50 judoka inguruk osatzen dute Arrasate Judo Elkartea, eta, Aranegik dioenez, osasuntsu dago, azken urteetan eratu den zuzendaritza-talde "indartsuari" esker: "Horri esker, gauza berri batzuk lantzen hasi gara, pixkanaka-pixkanaka. Gehienbat, gure taldearentzat, eta herrian ikustarazteko eta jendea kirola probatzera animatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak