Domekako emanaldirako "gogotsu" daudela adierazi du Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biainek: "Gure lan berriaren aurkezpena da, eta aukera bikaina iruditu zaigu Udaberriko Musikaldian estreinatzea". Biainek azaldu duenez, orain arte gordeta egon diren altxor txiki batzuk ekartzea izan da helburua; eta, hori horrela, errenazimendu eta barroko garaitik hasita gaur egungo musikara arteko ibilbidea jasotzen duen lana osatu dute, Vox Arcana: ahots misteriotsua izenarekin. "Willism Byrden kontrapuntuaren dotoretasunetik eta Henry Purcellen intentsitate adierazkorretik Anton Bruckner eta Felix Mendelssohnen espiritualtasun sakonera arteko piezak jasotzen ditu lanak. Baita gaur egungo konpositoreen lanak ere. Pieza bakoitzarekin, ahotsaren indar berezia agerian utzi nahi izan da, eta entzulea paisaia soinudun batean murgiltzen duen programa bat osatu".
Musika garaikidea nagusi
Kontzertuari dagokionez, errepertorio zabala izango duela adierazi du Biainek, eta, batez ere musika garaikidean egindako lanek osatutako badute ere, "euskal musikaren" zenbait pieza eta "musika erromantikoko" piezak ere izango direla gaineratu du: "Batez ere, musika garaikideko piezek osatuko dute programaren zati handiena, eta musika erromantikoa izango dugu baita ere; amodioaren inguruko euskal kantutegiko piezak".
Hain zuzen, hamalau kantu abestuko dituzte: Laudibus, Hear my prayer, Die Himmel erzahlen die Ehre Gottes, Christus Factus est, Heiling, Ave Maria, O vos omnes, Dies Irae, Child of song, The Deer's cry, Jubilate deo, Christi mutter, Zure boza eta Amorioa, hain zuzen ere.
Parrokian, aspaldiko partez
Udaberriko Musikaldiaren 22. edizioaren berritasunetako bat izan da San Juan Bataiatzailea parrokiara emanaldi bat eramatea. Musikaldiaren bueltan urteak zeramatzaten espazio hartan kontzerturik egin gabe, baina, hain zuzen ere, duela zortzi urte bertan izandako Oñatiko Ganbara abesbatzaren kontzertua izango da domekan.
"Leku aproposa"
Biainek azaldu duenez, leku aproposa da kontzertuak emateko: "Eliza txiki samarra izan arren, akustika ona du eta emanaldi hau eskaintzeko leku aproposa da. Nik uste dut ondo egokitzen dela ingurura".