Elkarretaratzearen amaiera irakurritako komunikatuan adierazi dutenez, haserrea eta samina sakonak dira berriro ere Euskal Herrian. Nafarroako Arguedas herrian 44 urteko emakume baten erailketa matxista gogor salatu dute Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik: "Gure elkartasun eta berotasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei. Zoritxarrez, datuek errealitate gordin eta jasanezin bat erakusten digute berriro: 2026. urtea hasi denetik, jada 4 emakume erailak izan dira eta beste bi saiakera izan dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. Lau bizitza erauzi, lau hutsune bete ezinezko gure herrietan. Zenbaki hutsetatik harago, bizitzak dira, eta ezin dugu onartu indarkeria honek etenik ez izatea".
Azpimarratu dute, azken erailketa matxista hau ere ez dela gertakari isolatu bat: "Ozen esan nahi dugu: hau ez da zoratutako gizon baten ekintza isolatu bat. Erailketa hauek izebergaren punta besterik ez dira. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon* aurkako indarkeria. Sistema honek hierarkien bidez funtzionatzen du, eta emakumeak eta gorputz disidenteak egoera ahulagoan, zaurgarriagoan eta babesgabeagoan kokatzen gaitu egunerokoan, prekarizazio material eta sozialaren bidez. Indarkeria matxista egiturazkoa da, eta hainbat zapalkuntza ardatzek gurutzatzen dute. Ezin gara begira geratu".
Hala, "urgentziazko neurri errealak" eskatu dituzte: "Ezin dugu onartu erailketa bakoitzaren ostean doluzko keinu instituzional soilak ikustea, biharamunean ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzeko. Egoera larri honekin amaitzeko urgentziazko neurri errealak behar ditugu. Erakunde eta instituzioei irmotasun eta kontundentzia handiagoa exijitzen diegu. Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko. Sistema judizial eta asistentzial matxistak desmuntatu behar dira".
Gainera, jendarte osoari egin diete dei: "Dei egiten diogu konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera. Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da Mugimendu Feministarenemakumeon* kontua soilik, jendarte osoaren premiazko ardura baizik. Egoeraren larritasun muturrekoa ikusita, ezin dugu ohiko erantzunetan geratu. Bada garaia Euskal Herri gisa horrelako erasoen aurrean tinko eta modu bateratuan erantzuteko. Hitz politak eta protokolozkoak soberan daude: hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da".
Datozen egunotan, kontzentrazio zaratatsuak
Hori dela eta, datozen egunetan Euskal Herriko herrietan kontzentrazio zaratatsuetarako dei egin dute: "Beharrezkoa eta premiazkoa da herri honek harresi bat jartzea, eta horretarako, bertan indar eta borroka guztiak ipintzeko deia egiten dugu. Ezin dugu inor bide bazterrean utzi, bete ditzagun kaleak egoera honi nahikoa dela esateko".