LGTBIQ+ diagnostikoaren ondotik sortu zen Ikusgarriak gara ekimena iaz, eta lehen edizioak izandako "emaitza positiboak" bultzatuta, aurten ere antolatzea erabaki dute.
Zinegoak Hedapenarekin abiatuko dute, LGTBIQ+ gaiak jorratzen dituzten film laburren proiekzioarekin hain zuzen ere. Bihar, eguena, da hori Kulturateko areto nagusian, 18:30ean eta solasaldia ere solasaldia ere izango da Maren Zubeldia zuzendariarekin, Ultramarino film laburraren egileetako batekin.
Mahai-ingurua ekainaren 18an
Hitzordu nagusietako bat ekainaren 18rako antolatu duten mahai-ingurua izango da. Ikusgarriak gara, eta orain zer? Arrasateko LGTBIQ+ ahotsak izenburupean herriko hiru kideren bizipenak ezagutzeko solasaldia izango da; Ane, Oihan eta La Furia egongo dira kontu kontari Kattalin Minerrek (Eihera) gidatuta. "Saio honen helburua Arrasateko askotariko errealitateak ikusaraztea, komunitatea sendotzea eta etorkizunera begira dauden beharrak eta erronkak partekatzea da". DJ baten emanaldia eta luntxa egongo direla iragarri dute, arratsaldea borobiltzeko.
Morbor eta Miauren eskutik bi ekitaldi
Arrasateko Morbor eta Miau taldeek ere bi ekitaldi antolatu dituzte. Ekainaren 10ean mural-margotze parte-hartzailea deitu dute Maalako biribilguneko ur parkean; 18:00etan hasiko dira.
Eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 28an, kontzentrazioa egingo dute Herriko Plazan, 12:30ean eta, ondoren, kuir-poteo musikatua egongo da.