EAJrentzat "funtsezkoa" da San Frantzisko elizaren etorkizuna arrasatearrek eurek erabakitzea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 20a

San Frantzisko eliza, atzealdetik ateratako argazkian.

Arrasateko EAJren arabera, "albiste positiboa" da Udalak San Frantzisko eliza erosi izana, "gune historiko hori herritarren eskura" jartzeko eta "hainbat zerbitzu" eskaintzeko aukera ematen duela. Horrez gain, eraikinaren erabilera zehazteko prozesu parte hartzaile bat eskatu dute jeltzaleek: "Halako historia duen eraikin baten kudeaketak gardena, irekia eta kolektiboa izan behar du, eta parte-hartze prozesu bat da hori lortzeko modurik onena". 

Parte-hartzea "eraginkorra eta gardena" izango dela bermatzeko, EAJk hiru fasetan parte hartzeko prozesu bat proposatu du:
1. Proposamenak egiteko fasea: herritarrek San Frantzisko eliza bisitatu ahal izango dute euren proposamenak aurkeztu aurretik, espazioa sakon ezagutzeko. Ondoren, bi asteko epea irekiko da edonork eraikinaren erabilerari buruzko ideiak aurkez ditzan.
2. Proiektuak aztertzeko fasea: proposamenak ausaz hautatutako bost pertsonak eta udal teknikariek osatutako mahai batek ebaluatuko ditu, aldez aurretik onartutako irizpideei jarraituz –bideragarritasun ekonomikoa, egingarritasuna eta herriarekiko irekitasuna, besteak beste–. Irizpide horiek betetzen dituzten proposamenak bakarrik igaroko dira hurrengo fasera.
3. Bozketa fasea: hautatutako proposamenak Arrasaten erroldatutako 14 urtetik gorako biztanleen artean bozkatuko dira. Babes handiena lortzen duen erabilera ezarriko da.

Posible balitz, uda aurretik

EAJk Arrasateko Udal Gobernuari eskatu nahi dio parte hartze prozesu hori abian jar dezala, ahal dela uda aurretik: "Arrasatearrek eurena den espazio baten helmugari buruz erabaki ahal izan dezaten. Hori funtsezko urratsa da proiektu publikoek herritarren beharrak eta nahiak islatzen dituztela bermatzeko", esan du Arrasateko jeltzaleen eledun Ander Garayk. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak