Arrasateko egoitza irekita, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak Gipuzkoako eskualde guztietan presentzia izatea lortuko du, eta Debagoieneko herritarrengana are gehiago hurbilduko da.
Egoitza astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez, eta bertan arreta pertsonalizatua emango diete minbizia dutenei, haien senideei eta zaintzaileei, baita gaixotasunaren prebentzioan interesa dutenei ere.
Doako arreta integrala
Minbiziaren Aurka Gipuzkoanek arreta integrala ematen du, pertsonaren ongizate fisikoa, emozionala eta soziala kontuan hartuta. Zerbitzu eta arreta guztiak doakoak dira, bazkide izan beharrik gabe. Besteak beste, zerbitzu hauek eskaintzen ditu: Arreta psikologikoa, Haurren eta gazteen psikologoa, Arreta soziala, Ariketa fisikoa, Erizaintza, Nutrizioa, Fisioterapia, Erretzeari uzteko terapia, Laguntzeko boluntariotza eta OncoTips plataforma digitala, informazioa eta baliabide erabilgarriak eskaintzen dituena.
Arrasateko egoitzan bertan aurrez aurre, honako profesional hauek ariko dira lanean: gizarte-langile bat, psikologo bat eta prebentzioko psikologo bat.
Arreta hurbilena
Ainhoa Oregui gizarte-langilea Arrasateko egoitzako erreferentziazko profesionala izango da, eta arreta hurbila, irisgarria eta jarraitua emango die bai pazienteei bai haien senideei, une bakoitzean behar dituzten baliabide eta laguntzetara bideratuta.
Laguntza emozionala
Nahia Garatea psikologoak, berriz, paziente onkologikoen eta beren senideen zein zaintzaileen laguntza emozional eta psikologikoa landuko du, gaixotasun-prozesuak dakarren eragin integrala ulertuta.
Egoitza berrian arreta pertsonalizatua emango diete minbizia dutenei
Arrisku-faktoreak
Azkenik, Ainhoa Barrena prebentzioko psikologoak minbiziarekin lotutako arrisku-faktoreekin egingo du lan, hala nola sedentarismoarekin, obesitatearekin eta tabakoaren kontsumoarekin. Haren helburua da bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, eta, horrez gain, herritarrak baheketa-programetan parte hartzea bultzatzea, detekzio goiztiarraren garrantzia lantzeko.
Debagoien osoarentzat
Egoitza Arrasaten egongo den arren, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak Debagoien osoko eragile eta udalekin egiten du lan, eskualdeko herri guztietara iritsi ahal izateko. Gainera, egoitzaren irekierarekin batera, hainbat jarduera eta hitzaldi antolatzen ari dira, bai pazienteei eta senideei zuzenduta, bai biztanleria osoari ere. Ekimen horiei buruzko informazio zehatza aurrerago emango dute.
Boluntariotza eta bazkidetza
Elkarteak Debagoieneko boluntario-taldea osatzeko dei egin du. Boluntarioen ekarpenari esker, dirua biltzen jarraitu daiteke, doako zerbitzu eta arreta horiek bermatzeko eta minbiziaren ikerketan inbertitzen jarraitzeko.
Era berean, eskualdeko herritarrei bazkide egiteko gonbidapena egin nahi die; gaur egun, Gipuzkoako elkarteak 1.000 bazkide baino gehiago ditu Debagoienean, eta haien laguntzari esker posible da zerbitzuak mantentzea eta ikerketa sustatzen jarraitzea.
Harremanetarako bideak
Egoitza berri hau irekitzea posible izan da Arrasateko Udalaren eta Danobat Group-en laguntzari esker; bien ekarpena funtsezkoa izan da Debagoieneko herritarrengandik gertuago egoteko.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea laguntza behar duen edonoren ondoan dago, eta bertara hurbiltzera animatzen ditu herritarrak. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 45 77 22 telefonora deitu edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzi daiteke.