Dagoeneko motorrak berotzen dihardu Arrasate Rugby Taldeak ekainaren 4tik 6ra bitartean egingo den Garagardo azokarako. Hogeita seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta, egun bakoitzean garagardo azokan izango diren ekimenen berri eman du taldeak, hain zuzen, musika emanaldiak, kirola eta taldeko jokalari onenen sari-banaketa ekitaldia uztartzen dituen egitarau zabal baten bitartez.
Ohi moduan, eguenean, kuadrillen arteko herri kirol erakustaldiarekin irekiko da karpa, eta, jarraian, kontzertua emango dute Garazi eta Amaiur Barrena ahizpek. Egubakoitzean, errugbi taldeko kideek "esker oneko ekitaldia" egingo dute; ondoren, Los Retros taldeak kontzertua emango du.
Zapatua izango da egunik potoloena. Izan ere, Bigarren Errugbi Txapelketa Herrikoia egingo da egunean zehar, eta, DJ Goikolea disko jartzaileak girotuko du karpa gauean.
Jana eta edana nagusi
Garagardo azokaren bueltan antolatu diren ekitaldiez gain, azokaren esentzia izaten jarraituko dute karpan edan ahalko diren zapore desberdinetako garagardoek, eta otorduetan emango dituzten jakiek: hain zuzen, ukondoak, saltxitxak, oilaskoak eta patatak.
