Maider Larrañaga: "Geroago eta ardo gutxiago edaten dugu, baina kalitate handiagokoak"

Xabier Urtzelai 2026ko maiatzaren 17a

Ardo Eguna egin zuten atzo Arrasaten, eta Kulturolako arkupeak eskaintzen duen babesean 100 lagun batu ziren apardun ardoei eskainitako dastaketan parte hartzeko. Maider Larrañaga tokiko sommelierrak eta Toni Perez ardo apartsuetan adituak gidatu zuten dastaketa.

Hirugarren urtez antolatu du Ibai-Artek Ardo Eguna, baina oraingoan antolatzaileek Kulturolako arkupera jo behar izan dute, aurreko bi urtetan herriko plazan batu badira ere oraingoan eguraldiak ez duelako horretarako baimenik eman. Lekua, baina, aproposa da halako ekitaldietarako, eta Maider Larrañaga tokiko sommelierrak eta Toni Perez ardo apartsuetan adituak gidatuta, bertaratutakoek apardun ardoez gozatu ahal izan dute [Bi txakoli, Getariakoa eta Bizkaikoa. Bakion (Bizkaia) egindako Donieneko Apardune Brut Nature eta Aiatik (Gipuzkoa) datorren K5-eko Kilima Ancestral], eta bestetik, Gramona etxetik ekarritako hainbat proposamen: Imperial Brut 2019-a, Gramona Innoble Brut Nature Reserva Perpetua 20-a eta Gramona III Lustros 2017 Brut Naturea.

"Erantzun polita izaten du egun honek, jendeak interesa erakusten du eta nahiz eta orokorrean jendeak geroago eta ardo gutxiago edaten duen, kalitatearen aldeko apustua egiten dute eta hori eskertzekoa da. Gainera, ardoa oso produktu interesgarria da. Gaur egun garagardoa da ardoaren lehiakide handiena, horregatik ardoaren kontsumoa ere sustatzeko halako ekitaldiak garrantzitsuak dira", adierazi dio GOIENAri Maider Larrañaga sommelierrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak