Buruz Buruko finalera sailkatu da Murua

Xabier Urtzelai 2026ko maiatzaren 16a

Ander Murua, artxibo irudian.

B serieko Eskuz Binakakoa irabazi berritan hasi zuen Ander Muruak Buruz Buruko txapelketa, eta hor ere finalera sailkatzeko azken koska gainditu zuen atzo, Irunen Unai Alberdiri 22-12 irabazita. Maiatzaren 23an Labriten jokatuko duen finalean Amiano izango du aurrean.

Iazko Buruz Burukoan egon ez izanaren arantza kolpe batean atera du Ander Murua pilotari arrasatearrak, atzo txapelketako finalerako txartelarekin itzuli zen eta Irunen jokatutako kanporaketatik. Hala, datorren zapatuan, hilak 23, atzoko kanporaketa gainditzeko Rekalderen aurrean dezente sufritu zuen Unai Amiano izango du aurrean, Labriten.

Hasieratik aurrea hartuta

Atzoko partidako lehenengo minutuak parekatuak izan ziren, baina arrasatearrak hasieratik hartu zuen markagailuan aurrea (7-1). Alberdi partiduan sartzen joan zen, baina Arrasatekoak ez zion markagailuan nahi beste gerturatzen uzten (12-8) eta aldagelara joateko tarte bat hartu eta gero partidua ez zen askorik aldatu. Ez zirudien Alberdi partiduari buelta emateko kapaz zenik, Murua maila politean zebilen, tantoak ondo amaitzen, eta Alberdi ez zebilen berak nahiko lukeen maila erakusten. Hala, azken tantoetan, dena galdutzat zeukanean, markagailua txukuntzeko moduan egon zen, hil ala bizi jokatutako zenbait tantoetan asmatu egin zuelako, eta hor egin zion min apur bat Muruari, baina halaxe jokatuta oso zaila zen ordura arte segurtasun handia erakutsi zuen Murua mendean hartzea (22-12). Hala, arrasatearrak, txapel bat irabazi berritan, bigarren finala jokatuko du zapatuan, Labriten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak