Arrasateko BAZ Iturriotz kalean egongo da lau hilabetez, maiatzaren 20tik aurrera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 15a

BAZen behin-behineko egoitza berria, Iturriotz kalean.

Maiatzaren 20an jarriko da martxan behin behineko Biztanleen Arreta Zerbitzua (BAZ) Arrasateko Iturriotz kaleko 21. zenbakian. Maiatza amaieran hasiko dituzte Arano eta Garcia maisu-maistrak kalean 2006an ireki zen BAZ berritzeko obrak, eta lan horiek iraungo duten lau hilabeteetan zehar, behin behineko BAZ Herriko Plazara mugituko da. 

Leku berrian ere egungo ordutegia izango du BAZek: astelehenetik egubakoitzera 07:30etik 15:00etara –eguenetan, 18:30ak arte– eta zapatuetan 09:00etatik 13:00etara. 

Arrasateko Udalak Biztanleen Arretarako Zerbitzuaren (BAZ) instalazioak osorik berritzeko proiektua 2025ean abiarazi zuen proiektuaren idazketarekin, izan ere, zerbitzua martxan jarri zenetik 20 urte igaro dira, eta instalazioak eta teknologiak eguneratzeko beharra zegoen. Arrasateko BAZ zerbitzua Gipuzkoako lehenetarikoa izan zen, Irungoaren eta Hondarribikoaren ostean. 

Maiatzaren 20tik aurrera, Iturriotz kalean

Gaur egungo bulegoetatik behin behineko BAZera lekualdatzea maiatzaren 18tik 20ra egingo da. Ondorioz, eragina izango du funtzionamenduan, eta BAZ zerbitzu minimoekin izango da egun horietan. 

BAZeko arduradun Edurne Muxika eta Udaleko zinegotzi Kepa Urteaga, gaur, Iturriotz kalean. 

"Hiru egun horietan material informatikoa lekualdatzen izango gara, eta baliteke momentu batzuetan etenaldi txikiak egotea zerbitzuan. Pazientzia eskatu nahi diegu herritarrei lekualdatzeak sortuko dituen eragozpenengatik. Asteazkenetik aurrera lokal berri honetan izango gara zerbitzua ematen", azaldu du 2006a ezkero BAZeko arduradun den Edurne Muxikak.

BAZ berrirako obrak maiatza bukaeran hasiko dituzte

Maiatzeko azken astean aurreikusten du Udalak abiatuko dituztela BAZ berritzeko obrak. Lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute, eta Bizkaiko Zamakoa SA enpresak burutuko ditu; lanen aurrekontua 486.140 eurokoa da, BEZa barne.

Eraberritze lanon bidez, bulegoaren irisgarritasun osoa bermatuko da egungo lur-kotak berdinduz, eta espazioaren banaketa optimizatuko da herritarren intimitatea eta langileen ergonomia hobetzeko. Horrez gain, arreta-gaitasuna sendotuko da 8 teknikariei euren lekua eskainiz, auto-tramiteetarako gune iraunkorra (OTT) gaituko da eta eraikinaren energia-eraginkortasuna nahiz isolamendu termikoa indartuko dira, herritarrei zerbitzu "modernoagoa, erosoagoa eta identifikagarriagoa" eskaintzeko asmoz.

Iturriotz kaleko BAZ, barrutik. 

Zerbitzu "pertsonalizatua, diskretua eta gertukoa" helburu

BAZ berriak arreta emateko eredu berri bat ere ekarriko du, "pertsonalizatuagoa, diskretuagoa eta gertukoagoa".  Alegia, helburua da bertaratzen herritarrari zerbitzu integrala ematea, beharrezko tramite guztiak leku bakarrean egin ditzan: "Zerbitzu integralak aurrerapen handia ekarriko du Udalarekiko tramiteetan, izan ere, sistema berriarekin herritarra tramite osoa eginda aterako da BAZetik, buelta gehiago eman gabe", esan du Kepa Urteaga zinegotziak.

Eta honako hau ere gaineratu du Urteagak: "Gaur egun ezagutzen ditugun zutikako mostradoreak desagertuko dira eta BAZ berrian mahaietan artatuko dira herritarrak. Gainera, pantaila bikoitza izango dute mahai horiek, bata teknikariak kudeatuko dutena, eta, bestea, herritarrak dokumentazioaren tramitea jarraitzeko. Azken helburua baita BAZ berria zerbitzu integrala bilakatzea, herritarrei berme eta erraztasun guztiak eskaintzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak