"Ezinbestekoa da garbitzaileen lan-baldintzen inguruko eztabaida zabaltzea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko maiatzaren 14a

Luciana Kaplan zuzendari mexikarrak egindako 'Tratado de invisibilidad' dokumentalaren irudi bat.

Harreman gobernuz kanpoko erakundeak eta Harreman Dendak beste kolaboratzaile batzuen laguntzarekin egiten dituzten sentsibilizazio-lanen artean, Tratado de invisibilidad dokumentala eman dute Arrasaten. Ikus-entzunezkoaren proiekzioak gogoeta eragin du.

Aktualitate handiko gaia gizarteratzea du helburu Luciana Kaplan mexikarrak egindako lanak, eta helburu horrekin antolatu dute proiekzioa Harremaneko lagunek eta mugimendu feministako kide Luciana Alfarok.

Dokumentalak Mexiko Hirian garbiketaren sektorean diharduten emakumeen egoera dakar lehen lerrora, eta baldintza oso gogorretan lan egiten duten emakumeen lekukotzak jasotzen ditu. Lan-kontraturik eza, esplotazio egoerako soldatak, lan-jardun amaigabeak, gutxieneko segurtasun-neurririk eza eta gizarte osoarentzako erabat ikusezin izatea salatzen dituzte. 

Egoera Gipuzkoan

Proiekzioaren osteko solasaldia emankorra izan zen. Parte hartzaileen artean izan ziren Carmen Herrero –jubilatua– eta Marisa Palomo; biak garbitzaileak. Donostialdekoak dira eta ondo ezagutzen dute sektorea. "Egoera oso gogorretan egiten dute lan Mexiko Hiriko garbitzaileek. Gure egoera beste bat da, baina bat egiten dugu lan-prekarioaren eta ikusezintasun-sentimenduarekin", azaldu du Palomok. "Azpikontratekin lan egiten dugu, soldata igoera dakarten lan-hitzarmenak sinatzea lortzen dugu, baina erakundeek ez dituzte igoera horiek kontuan hartzen baldintza-orri berriak ateratzerakoan... Eta gero, ezkutatu egiten gaituzte, izan eskoletan, izan osasun zentroetan, izan beste edonon. Orain arte, 14:00etatik 21:00etara egin dugu lan eskolak garbitzen. Aurreratzean, goizean pare bat ordu eta arratsaldean 17:00etatik aurrera lan egitea nahi dute", dio. 

Ia erabat feminizatutako sektorea dela gaineratu du –%7 dira gizonezkoak–, eta emakumeek soldata txikiagoak dituztela. "Gu kategoriaz igotzeko aukerarik gabeko peoi-garbitzaileak gara. Gizonezkoak gidari edo kristalari lan-plusarekin sartu ohi dira". Soldata-eskala bikoitza ere salatu du: "Azpikontratazioak aldatzen direnean, antzinatasunik gabekoak kaleratu egiten dituzte, eta berriz kontratatzerakoan Gipuzkoako hitzarmena sinatzera behartu. Soldaten artean 300-400 euroko aldea egon daiteke".

Carmen Herrerok 50 urtetik gora egin ditu sektorean: "Urteotan gauzak asko aldatu dira, baina ikusezinak izaten jarraitzen dugu. Osasun zentro batean egin dut lan, eta ez dut sekula ulertu zergatik diren funtzionarioak medikuak, erizainak, osasun-laguntzaileak, bedelak... eta garbitzaileak ez". Uste du lan-osasunean eragitea ezinbestekoa dela, eta atarietako edo etxebizitza partikularretako garbitzaileen egoerak kezka handia eragiten dio. "Umeak hazi eta pentsio txiki bat lortzeko lanean ari diren 60 urtetik gorako emakumeak dira, askotan. Babes barik daude; sarritan, kontraturik gabe eta soldata oso prekarioekin". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak