Hamabost debagoiendar lehiatuko dira 25. Zegama-Aizkorri mendi-maratoian

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 15a

Malen Osa iazko Zegama-Aizkorri mendi-maratoian. Argazkia: Goiena.

Domeka honetan, hilak 17, jokatuko da aurtengo Zegama-Aizkorri mendi-maratoia. 583 korrikalarik eskuratu dute lasterketa nagusian parte hartzeko dortsala; tartean, Debagoieneko hamabost korrikalarik.

Antzuolako, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko korrikalarien partaidetza izango da, eta, haien artean, ez du hutsik egingo azken bi urteetan bi podium eskuratu dituen Malen Osa Ansa oñatiarrak.

Osaz gain, beste debagoiendar hauei ere egokitu zaizkie dortsalak: Antzuolako Unai Kortabarria; Aretxabaletako Garazi Abasolo; Arrasateko Asier Azkarate, Ander Nafarrate, Iker Agirreurreta eta Iñigo Uribarren; Bergarako Jon Maiztegi eta Andoni Gomez; eta Oñatiko Unax Arregi, Xabier Lete, Pablo Arejolaleiba, Aritz Garai, Aitzol Guridi eta Ainara Uribarri.

Xabier Lete Biain oñatiarra, 2024ko Zegama-Aizkorri lasterketan. Argazkia: Goiena

Gainontzeko lasterketak

Mendi-maratoiaz harago, kilometro bertikalean eta gazteen lasterketan hamaika debagoiendarrek parte hartuko dute: zortzik kilometro bertikalean eta hiruk Zegama Aizkorri Junior Trail lasterketan. Kilometro bertikalari dagokionez, guztira 251 dortsal banatu dira, eta, bailarako partaidetzari dagokionez, Aretxabaletako Maite Zabaleta Egaña, Arrasateko Iñigo Alzola eta Beñat Irazola, Bergarako Xabier Lazkano eta Aritz Unamuno eta Oñatiko Nagore Uribarri, Aitor Anton eta Oxel Blazquez izango dira.

Junior Trail lasterketan, berriz, Elgetako Unax Agirre eta Alazne Lozano; eta Julen Badiola bergararra lehiatuko dira.

Bederatziehun korrikalari

Horrenbestez, hiru lasterketak kontuan hartuta, bederatziehun korrikalari baino gehiago lehiatuko dira aurtengo Zegama-Aizkorri mendi-maratoian domekan.

Hiru lasterketa

Lasterketa nagusiari dagokionez, goizeko bederatzietan abiatuko dira korrikalariak Zegamatik. 42,195 kilometro eta 2.736 metroko desnibel positiboa izango ditu ibilbideak. Mendi maratoiaz gain, kilometro bertikala eta gazteen lasterketa ere egingo dituzte. Gazteen lasterketa ere domekan izango da, eta korrikalariak 10:30ean irtengo dira Zegamako plazatik.

Kilometro bertikala

Gaur arratsaldean izango da kilometro bertikala. Lauretan hasiko da proba, eta, Zegamatik abiatuta, Iraule tontorrera igoko den 5,2 kilometroko ibilbidea izango da, 1.015 metroko desnibel positiboarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak