Etxebizitza batek su hartu du Uriburu kalean, eta pertsona bat atera dute suhiltzaileek

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 14a

Arrasateko Uriburu kaleko etxebizitza batek su hartu du 12:30ak aldera. Ertzaintzak baieztatu duenez, emakume bat bertan harrapatuta gelditu da. Suhiltzaileak, osasun zerbitzukoak, ertzainak eta udaltzainak gerturatu dira sutea gertatu den tokira, eta, eskailera baten laguntzarekin, lortu dute emakumea bertatik ateratzea. 

Ertzaintzak gaineratu duenez, etxebizitzako balkoian harrapatuta zegoen emakumea da erreskatatu behar izan duten pertsona bakarra. Osasun zerbitzuek emakumea hartatu dute, eta zorionez, ez dute ospitalera eraman beharrik izan.

Bestalde, sua itzalita dagoela, eta kaltetutako gunea aireztatzen ari direla ere adierazi dute Ertzaintzatik. 

Udaletik jakitera eman dute atariko bizilagunak itzuli direla haien etxebizitzetara: "Erre den etxebizitzako bizilagunei lo lekua eskaini zaie eta tramitazio bidean da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak