Norbanako eta eragile ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza da ekimena, eta helburu nagusiak dira sexologia zerbitzuari ikusgarritasuna ematea eta zerbitzuaren espazioari begirada berri bat txertatzea. Ekimenaren berezitasun nagusietako bat da diseinuak Arrasate Institutuko batxilergoko artistikoko ikasleek egin dituztela eta arrasatearrek lau proposamenen artean gustukoena aukeratuko dutela.
Lopez de Arregi: "Edonor etor daiteke galdetzera"
Gaur egun Miren Lopez de Arregi gasteiztarra da zerbitzuaren arduraduna: "Aurrez aurreko zerbitzua dugu astelehen goizetan eta eguen arratsaldetan; edozein arrasatear etorri daiteke edozein zalantza, jakin-min edo zailtasunen inguruan galdetzera. Bakarka, bikoteka, taldeka... edozein formatutan. Horren gain, herriko ikastetxeetan sexologia hezkuntza ematen dugu LHko eta DBHko ikasleentzat. Horrez gain, irakasleekin zein familiekin, adibidez, formakuntza saioak egiten ditugu. Aste barruan badugu mugimendua, egia esan".
Sexologia zerbitzura gerturatzen direnen profilaz galdetuta, honako hau dio Lopez de Arregik: "Datozen gehienak bikoteak dira, 30 eta 50 urte artekoak bereziki. Gainera, azkenaldian gero eta ohikoagoa da sexologia ikastetxean landu duten ikasleen gurasoak etortzea, gaia nola azaldu jakiteko laguntza eske. Horien artean, ia denak dira amak".
Erabakia, arrasatearren esku
Udaleko Belaunaldiartekotasun zinegotzi Eñaut Arriaranek erabakia arrasatearren esku geratuko dela azpimarratu du: "Ikasleen lanak ezagutzera emateaz gain, sexologia zerbitzua ezagutzera eman nahi dugu modu horretan, arrasatearron egunerokoan leku bat eskainita.