Motz-motzean, honela azaldu du Gurrutxagak maiatzaren 19ko emanaldia: "Iriondoren obrari sarbide bat izango da, Narbaizaren ahots zirraragarria ezinbesteko bidelagun dudala. Iriondo ezagutu edo ez, edonorentzat erakargarria izango dela espero dut".
Azalpenak musikarekin tartekatuta
Gurrutxagak Iriondoz eta haren obraz egingo du berba, eta musika tartekatzen joango dira, gaiak eurak hartuta irizpide bezala. Alegia, herri literaturaz, poesia sozialaz edo protestez ari bada Gurrutxaga, gaiokin lotura duen piezaren bat joko du Narbaizak. Gehienez ordu eta laurden iraungo du emanaldiak, Gurrutxagaren arabera.

Izan ere, Lourdes Iriondorengana gerturatzeko "modu berezi bat" proposatzen dute Alex Gurrutxagak eta Miren Narbaiza Mice musikariak. "Lourdes Iriondoren figura ezaguna izango da –ez nahikoa, seguruenik– baina sentsazioa dugu bere obra oso ezezaguna dela. Horregatik bi modu genituen Iriondoren obra ezagutzera emateko: aurkezpen soil bat egin edo beste zerbait, musikatua izango zen aurkezpen bat. Berehala erabaki genuen zerbait berezia egitea, zuzeneko musikak izan behar zuela protagonismoa. Eta lan horretarako zalantza gutxi izan genituen: Miren Narbaiza Mice izan behar zen, sekulako indarra duen ahots berezia duelako. Loraldian Iriondoren bertsio bat jo zuen Narbaizak eta zoragarria izan zen. Narbaizak bere egiten ditu Iriondoren piezak eta badirudi abestiak biziberritu egiten direla. Pertsonalitate handiko ahotsa, zalantzarik gabe".
Arrasatekoa, hirugarren emanaldia
Hasierako asmoa zen pare bat aurkezpen egitea asko jota baina gehiago izango dira. "Oso modu umilean abiatu dugu bidea, eta ea nora garamatzan". Zarautzen hasi zuten bidea eta bigarren emanaldia Iruñeko Karrikiri elkartean izan zen; Arrasatekoa hirugarrena izango da, eta badute asmoa emanaldiren bat gehiago lotzeko.