Arrasateko Udalak etxebizitza diagnostikoa eta ekintza plana aurkeztuko dizkie herritarrei

Olaia Milikua 2026ko maiatzaren 13a

Arrasate tentsio handiko bizitegi-eremu izendatu berritan, Udalak Ate berri bat etxebizitza eskubideari jendaurreko aurkezpen publikoa antolatu du herriko etxebizitza egoeraren diagnostikoa eta datozen urteetarako Ekintza Plana ezagutarazteko. Ekitaldia Kulturateko Areto Nagusian izango da maiatzaren 18an, 18:00etan.

Imanol Esnaolak eta Gillen Txintxurretak, txostena egin duten teknikariek, azken urteetako datu adierazgarrienak azalduko dituzte. Besteak beste, alokairuaren prezioak 2017 eta 2022 artean izan duen %23,9ko igoera eta babes publikoko etxebizitza parkearen gabezia (%8,07koa dena) aztertuko dituzte. 

Bestalde, Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak Udalak diseinatu duen lau ardatzeko ekintza plana aletuko du:etxebizitza babestuak sortzeko asmoa, beste erakundeekin elkarlanean; lokalak etxebizitza bihurtzeko eta etxe handiak zatitzeko erraztasunak; alokairuaren prezioei muga jartzea eta etxe hutsei zerga berezia aplikatzea; eta gazteentzako laguntzak eta etxeak merkaturatzen dituzten jabeentzako hobari fiskalak ematea.

Konpromiso ekonomikoa

Udalak guztira, 5 milioi euro inguru bideratuko ditu etxebizitza politika berrietara, San Andres Berriko lursailak lagatzea (1,7 milioi euro) eta La Merced eraikina erostea (3 milioi euroan) barne, bertan belaunaldiarteko etxebizitza proiektu aitzindari bat garatzeko.

Adierazi dutenez, izendapen honek "tresna juridiko berriak"; ematen dizkio Udalari merkatuaren dinamikak mugatzeko eta bizitza duinerako oinarrizko zutabea den etxebizitza babesteko. Horregatik, Udalak herritar guztiak animatzen ditu aurkezpen honetan parte hartzera, "Arrasateren etorkizuneko etxebizitza eredua bertatik bertara ezagutzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak