Arrasate Pilota Taldeak 2025-2026 denboraldiko argazkia atera du Uarkapen

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 12a

Arrasateko Pilota Taldekoen 2025-2026 denboraldiko argazkia.

Iazko bide beretik jarraituz, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako 60 pilotari inguru dabiltza Arrasate Pilota Taldean. Gaur arratsaldean atera dute 2025-2026 denboraldiko talde argazkia, Uarkapen. 

60 pilotari ditu egun Arrasate Pilota Taldeak; gehienak gaztetxoak, benjamin eta alebin mailakoak; 40 pilotari inguru. Horiek guztietatik neska bakarra ari da –iaz bi zebiltzan–, eta, junior eta senior mailan, ostera, ez dute pilotaririk.

Pilotari nagusien beharra

Taldeko arduradunetako bat den Iker Zugasti "pozik" agertu da taldeak zuzendaritza "oso egonkorra duelako", eta guztia "bide onetik" doalako. Hala ere, senior mailara pilotaririk heltzen ez dela eta, non hobetu badagoela aitortu du: "Kadete mailatik aurrera, pilotari gehienek jolasteari uzten diote, beste kontu batzueri garrantzia gehiago emanda; hor falta zaigu jendea". Egun hauetan jokatzen ari den Herriarteko txapelketan, Arrasateko talderik aurkeztu ez izanaren arrazoia da hori, hain zuzen. 

Ander Murua, gaztetxoen eredu

Bide horretan, gaztetxoak esku pilotara urte gehiagoz lotzeko, Ander Muruaren papera nabarmendu nahi izan du Zugastik: "Telebistan ikusten duten pilotari bat, gero hemen entrenatzaile bezala izatea sekulakoa da. Gaztetxoak ilusio askorekin etortzen dira eta nabaritu da gaztetxoenen artean, benjamin eta alebin mailan izan dugulako gorakada". 

Ander Muruaren profesional mailako debutarekin batera, Uarkaperen itxura aldaketa eta Arrasaten jokatzen diren pilota jaialdien gorakada ere etorri da. "Udalak asko lagundu du horretan, urtero lau edo bost jaialdi ekartzen dituzte Arrasatera, eta Anderrek jokatzen du gehienetan. Gainera, sekulako frontoia daukagu; bailarako onena da, eta horrek ere asko laguntzen du, bai partiduak antolatzerako, eta baita entrenatzerako orduan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak