Asfaltatze lanen berri eman du Arrasateko Udalak, maiatzaren 13tik aurrera hastea aurreikusten dutenak. Lanen lehenengo fasea maiatzaren 13an hasiko da, Orsa enpresaren eskutik. Musakola auzoko zerbitzugune, industrialdera eta baserri auzoetara doan bide publikoan arituko dira asfaltatze lanak egiten. Lanek 4 edo 5 egun inguru iraungo dutela aurreikusten da; ez da bidea moztuko, baina seinalistak egongo dira uneoro ibilgailuen pasabidea bideratzeko; eta beharrezkoa izango da bide horretan dauden aparkalekuak libre uztea lanak behar bezala egin ahal izateko.
Datorren astean, Martxoak 8 eta Musakolako Sailuente plaza
Eguraldiak laguntzen badu, hurrengo astean beste bi gunetan jarraituko dute asfaltatze lanekin: batetik, Martxoak 8 kalean maiatzaren 18an ekitea espero dute: Gipuzkoa etorbideko biribilgune ondoan dagoen zebra-bide bat asfalto berriarekin egokituko da arautegira egokitzeko. Bi eguneko lana izango da eta trafikoa seinalistekin kudeatuko da, bidea moztu gabe. Bestetik, Musakolako Sailuente plazan maiatzaren 18an, 19an eta 20an aritzea dago aurreikusita: plaza honetako hainbat eremu asfaltatuko dira. Kasu horretan, Sailuenteko aparkaleku guztiak libre utzi beharko dira lanak irauten duten bitartean. Ondorioz, ezingo da ibilgailuekin plazara sartu edo bertatik irten.