Julen Elorza: "Munduko hainbat lekutan aurkeztu da filma baina Arrasatekoak eragiten dit gehien"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 11

Elorza, Mendi Filmeko Kirol eta Abentura Film Onenaren saria eskuetan duela. Argazkia: Mendi Film.

Maiatzaren 12an aurkeztuko du Julen Elorza Zubizarretak (Arrasate, 1986) Cantos y flores (2025) filma, Mendi Tour jaialdiaren eskutik; Amaia antzokian, 19:00etan. Mendi Film jaialdiko Kirol eta Abentura Film Onenaren saria jaso zuen Elorzaren filmak eta bihar aurkeztuko du Amaian: "Munduko hainbat lekutan aurkeztu da filma baina Amaian aurkezteak eragiten dit urduritasun gehien". Sarrerak salgai daude, bost eurotan. 

Saria jasotzea ez zuen espero: "Gainerako lanak oso txukunak ziren, eta ez nuen espero. Eskertzen da errekonozimendua. Ez naiz bereziki jaialdietara aurkeztekoa; lana ia amaituta zegoela erabaki genuen jaialdietara aurkeztea, eta sorpresa oso atsegina izan da. Egia esan, indarra ematen du aurrera jarraitzeko". 

Grabatzeko, hiru seimilako

Grabaketa nola joan zen galdetuta, honako hau kontatu dio GOIENAri Elorzak: "Peruko mendi lasterketa batera joan behar nintzela baliatu nuen Hillaryrekin [Gerardi] eta Karinarekin [Carsolio] filma grabatzeko. Aldez aurreko prestaketak ez ziren beste munduko ezer izan; joan ahala joan ginen grabatzen, hein handi batean. 2024ko uda egin genuen Boliviako mendietan; han hiru seimilako egin genituen, grabaketa betean, gora eta behera geratu barik. Bide asko Hillaryk eta Karinak ireki zituzten... Hasiera batean hamar seimilako egitea zuten buruan baina ikusi zutenean zer suposatzen zuen dena birplanteatu genuen. Gaixorik egon ginen, eguraldiak ere eragin zizkigun buruhauste batzuk... Egon ziren oztopoak, baina bideaz asko gozatu genuen. Izugarri ikasi nuen bi emakume horien ondoan".

'Cantos y flores' filmeko fotograma bat. Irudia: Mendi Film. 

Elorza, bideogile ezaguna nazioartean

Trail running munduko bideogile ezaguna da Julen Elorza Zubizarreta arrasatearra. Skyrunner World Series denboraldiko proben bideo ofizialak lantzen ditu, eta tarteka film laburrak egin ere bai. 2022an La Gara aurkeztu zuen Mendi Filmen, Hillary Gerardi korrikalari estatubatuarra protagonista zela Italiako Kima edo La Gara mendi lasterketa entzutetsuan. Bada, protagonista harekin, eta lagun duen Karina Carsoliorekin, egin du Amaia antzokin aurkeztuko duen Cantos y Flores.

Hurrengo egitekoa, Zegama-Aizkorri

Orain esku artean zer duen galdetuta, buruan Zegama-Aizkorri lasterketan duela dio Elorzak: "Azken urteetan ia beti tokatu izan zait Zegama-Aizkorri mendi lasterketa". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak