Ikasleak ekoizleekin kozinatzen, Arrasateko Elikadura Mahaiaren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 11

Gaztetxoak kozinatzen, Bergarako Gaztetxef lehiaketan.

Arrasateko Elikadura Mahaiak Lurretik mahaira: Ekoizleekin kozinatzen tailerra antolatu du herriko txikienentzat. Lehen hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara arteko haurrak elkartu nahi dituzte, tokiko produktuetara eta sukaldera modu ludikoan gerturatzeko. Tailerra maiatzaren 23an izango da, Okendoko ludotekan, 11:00etatik 13:00etara. Izena eman behar da maiatzaren 18a baino lehen; lehen protagonista, Errastiko ogia. 

Tailer hauen bidez, antolatzaileek tokiko ekoizpen jasangarriari buruzko ezagutza eta bertan ekoiztu zein kontsumitzeak dituen onurak helarazi nahi dizkiete haurrei. Sukaldean aritzeaz gain, saioak balioan jarri nahi du ekoizlearen lana eta ongi elikatzeak duen garrantzia, kontsumo arduratsuak ingurumenean duen eragin positiboa azpimarratuz. Datorren maiatzaren 23ko saioan, Errastiko ogia ekoizlea izango da protagonista. Haurrek aukera izango dute ekoizlea aurrez aurre ezagutzeko eta garaiko produktuekin errezeta bat sukaldean lantzeko, sukaldeko prozesuetan zuzenean parte hartuz.

Izen-ematea, eta gainerako xehetasunak 

Jarduera doakoa da, baina plaza mugatuak dituenez, aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Interesatuek maiatzaren 18a baino lehen eman behar dute izena bide hauetatik:
● Online: https://labur.eus/lurretik_mahaira  helbidean.
● Aurrez aurre: BAZen (Biztanleentzako Arreta Zerbitzua), Ludoteketan edo Txatxilipurdin.

Tailerra iragartzeko kartela. Irudia: Arrasateko Udala. 

Elikadura Mahaiak , "urtebeteko ibilbide emankorra" 

Ekimen hau Arrasateko Elikadura Mahaiak antolatu du, Txatxilipurdi, Ereindajan, Errastiko ogia eta Arrasateko Udalaren lankidetzarekin. Elikadura Mahaia 2025ean jarri zen abian, tokiko elikadura sistema jasangarri eta kalitatezkoa sustatzeko asmoz.

Sortu zenetik, hainbat fase igaro ditu: 2025eko otsailean formazio saioak egin ziren; ekainetik abendura bitartean mahaia aktibatzeko talde eragilea eta lantaldeak osatu ziren; eta 2026ko urtarrilean egonkortze faseari ekin zitzaion, estrategiak eta erronkak zehaztuz.

Gaur egun, sektore anitzeko eragileek osatzen dute mahaia: Arrasateko Udala, Debagaraia Landa Garapen Elkartea, Ereindajan, Txatxilipurdi, herriko ekoizleak, hezkuntza sektorea, elikadura arloko zerbitzuak eta herritarrak. Urtebeteko ibilbide emankorraren ondoren, Elikadura Mahaiak bere izaera, misioa eta etorkizuneko erronkak aurkeztuko ditu jendaurrean datorren ekainaren 5ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak