Kulturolako aterpea herritarrez bete da gaur arratsaldeko ospakizunean, izan ere, Frente Polisarioaren sorrera gogoratzeko ekitaldi jendetsua egin dute Arrasaten, Saharar Komunitatearen Kultur Elkarteak antolatuta eta Aniztasunaren Hilabetearen egitarauaren barruan.
1973ko maiatzaren 10ean sortu zen Frente Polisarioa, Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borroka gidatzeko helburuarekin, eta urteurrena saharar herriaren erresistentzia eta askatasun nahia aldarrikatzeko baliatu dute. Jai giroa nagusi izan bada ere, argi utzi dute ospakizunaz harago aldarrikapenerako egun dela. "Herri batua da, oraindik zutik dirauena", adierazi du hizlarietako batek ekitaldian zehar.
Dantza, musika eta hitzaldiak
Dantzak, musikak eta hitzaldiek osatu dute egitaraua, eta behin baino gehiagotan entzun da "Sahara Aske" oihua. Antolatzaileek batasunaren eta elkartasunaren garrantzia azpimarratu dute, "mugen gainetik elkartuta jarraitzeko beharra" nabarmenduz eta saharar herriaren eskubideen aldeko babesa indartzeko deia eginez.