Oñatiko Gaztelekuak itxura "polita" hartu zuen atzo arratsaldeko seietan. Bertsozale ugari elkartu ziren Gipuzkoako Herri arteko txapelketako kanporaketa jarraitzeko, eta bertan erabaki zen lehen finalista: Leintz Taldea. Haizea Arana, Oihana Arana eta Ane Zuazubiskarrek osatutako hirukoteak 15-12 hartu zion aurre Azpeitiko Zaharrak Berri taldeari, eta maiatzaren 30ean jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen.
Saioaren ostean, gustura agertu zen Ane Zuazubiskar. Arrasateko bertsolariaren esanetan, "saio polita, arina eta gustora entzutekoa" izan zen Oñatikoa, eta Azpeitiko taldearekin kantatzea "oso erraza"dela nabarmendu zuen. Gainera, herriarteko txapelketaren berezitasunetako bat ere azpimarratu zuen: urteetan elkarrekin kantatu gabe egon diren edo inoiz oholtza partekatu ez duten bertsolariak elkartzeko aukera eskaintzen duela.
Tolosan erabakiko da aurkaria
Leintz Taldeak, beraz, finalerako lehen txartela poltsikoratu du, baina oraindik ez daki nor izango duen aurkari. Hurrengo kanporaketa maiatzaren 16an jokatuko dute Tolosako Bonberenea gaztetxean, eta bertan erabakiko da finalean nor ariko den Leintzeko hirukotearen aurka. Zuazubiskarrek argi utzi zuen taldeak gogotsu helduko diola hitzorduari: "Behin honaino helduta, finalera ahalik eta ondoen egitera joango gara".
Finala maiatzaren 30ean jokatuko dute, Aiako probalekuan eta sarrerak jada eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.