Arrasatek Errepresioaren Aurkako Eguna hartu du lehen aldiz zapatu honetan. "Elkarlanetik eta elkartasunetik" antolatutako egunak errepresioaren aurkako aldarria zabaldu du kaleetan zehar, eta antolatzaileek argi utzi dute ekimenak jarraipena izatea nahi dutela: "Urtero egun hau ospatzen jarraitzea eta indarra hartzen joatea izango litzateke helburua".
Goizetik hasi da mugimendua herrian. Mahai-inguru batekin eman diote hasiera jardunaldiari, eta bertan izan dira Indar Gorriko, Yakovlev 42 taldeko eta Azpeitia Errepresioaren Aurkako ordezkariak. Solasaldian, Euskal Herrian zein nazioartean indartzen ari diren errepresio mekanismoak izan dituzte hizpide, baita horren aurrean antolakuntzak eta elkartasunak duten garrantzia ere.
"Errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzea garrantzitsua da", azaldu du Gorka Etxabek, antolakuntza taldeko kideak. Haren esanetan, errepresioa "gero eta indar handiagoarekin, langile klaseko edonoren aurka" erabiltzen den tresna da , eta horregatik ikusten dute beharrezkoa herrian kontzientzia piztea eta errepresioa jasaten dutenei babesa adieraztea.
Musika eta aldarrikapenak
Mahai-inguruaren ostean, kalea girotu dute poteoarekin. Euriaren mehatxuaren ondorioz, herri bazkaria gaztetxera lekualdatu dute. Arratsaldean tabernetan zabaldu da musikaren eta aldarriaren festa: Hankaz Gora, Izorrai eta Ktartsia taldeek lehen kontzertu erronda eskaini dute, eta 19:00etan dozenaka lagun elkartu dira Herriko Plazan egindako elkarretaratzean.
20:30etan ere, musikak hartuko ditu herriko txokoak, Taupan Jotabe eta Basatin Txakurrak taldeen emanaldiekin. Egunari amaiera borobila emango diete gaztetxeko kontzertuekin.