Saiheski errearekin hartu dituzte indarrak Gara Gartza Bizi ekimenean

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 9a

Asteburu osoko egitaraua lagun, bigarrenez ari dira ospatzen Garagartza auzoa bizirik dagoela erakusteko jaialdia. Ehun lagun inguru elkartu dira Patxixenan, saiheski errea dastatzeko. Arratsaldeko kontzertuen ostean, domeka goizean jarraituko dute ekitaldiekin.

Garagartzako plazan eguerdiko bermuta hartu bitartean, Patxixena atzeko patioan parrila gori-gori zeukaten, 45 kilo saiheski erretzeko. Goizean zehar okela markatu eta ardo txuriz, olioz, ozpinez, perrexilez eta berakatzaz nahastutako saltsa bota diote gainetik. Kearen usainak abisatu diete bazkaltzeko bertaratu diren ehun lagun ingururi mahaiaren bueltan esertzeko ordua zela. Letxuga eta tipularekin nahastuta, ezin hobeto sartu da saiheski errea. 

Goizean oinez egindakoa berdintzeko balio izan du bazkariak. 10:00etan Adifek bereganatu dituen lur publikoak ezagutu eta ingurunea bisitatzera abiatu dira, Martin Arriolabengoak gidatuta. Haurrek ere ez dute geldi egoteko planik izan, ibilbide txiki mitologikoan hartu baitute parte. 

Arratsaldeari Harria eta Grapa musika-taldeen zuzenekoek jarriko diote gatza eta piperra, eta horrelaxe amaituko dute eguna. Bihar, Eko-Udalatxeko dendariek botikina egiten irakatsiko dute sendabelarrekin, 10:30ean. Eta ostean, buruhandiek, bermutak, kantu herrikoiek eta luntxak piztuko dute giroa. 

Sanmigeletaz gain, baserri-auzo honetako bizilagunek merezi dute-eta urtean zehar lagunarten elkartu eta hainbat ekitaldiri zukua ateratzea. Horretarako sortu zuten Bizi Gara Gartza iaz. Orduko harrera beroak jarraipena izan du aurten. Izan daitezela gehiago. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak