Goizeko 10:00etan hasi da giroa pizten Arrasateko Laubide plazan. Pixkanaka-pixkanaka bete dira saskibaloi kantxak, eta jende ugari gerturatu da partidak ikusi, animatu eta egunaz gozatzera. Urtero legez, egun osoko hitzordua antolatu du Leintz Eskola Kirolak , 3x3 saskibaloi txapelketarekin. Aurtengo edizioan, LH4tik DBH2ra arteko 500 ikasle baino gehiagok eman dute izena, guztira 86 taldetan banatuta.
Alebin, benjamin eta infantil mailako jokalariek goizean zehar euren trebetasunak erakutsi dituzte, eta arratsaldean ere jarraituko du norgehiagokak, 15:00etatik aurrera. Taldeak askotarikoak izan dira; mutilenak, neskenak eta mixtoak eta Leintz Eskola Kirola osatzen duten 12 ikastetxeetatik etorri dira.
Txapelketaren antolaketan ere mugimendu handia izan da. Guztira 32 begirale aritu dira lanean, Leintz Eskola Kirolako hezitzaileak eta Ointxe Saskibaloi Taldeko kideak elkarlanean egin dituzte arbitratze eta koordinazio lanak. Gainera, Ointxe Saskibaloi Taldeak bere denda eta taberna ere jarri ditu plazan, partiden artean mokadua hartu edo giroaz lasai gozatzeko aukera eskainiz.
Kanastak hemen geldituko dira
Txapelketak urtero jasotzen du Baskonia 5+11 Fundazioa-ren laguntza; fundazioko kideek kanastak uzten dizkiete txapelketa antolatu ahal izateko. Aurten, berrikuntza bat izango da, izan ee, erabilitako kanastak ez dituzte berriro Arabara eramango, eta hemengo biltegi batean geratuko dira aurrerantzean. Bestalde, Leintz Eskola Kirolak aurreratu duenez, datorren ikasturterako izen-emate eta informazio berria laster emango dute ezagutzera.