Altamirako jaiak, bizikleta igoerarik gabe baina giro onean abiatu dira

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 8a

Gaur, egubakoitza hasi dira Altamira auzoko jaiak, eguraldia lagun izan ez duten arren, auzotarrek giro onean eman diote hasiera ospakizunei; haurrentzat jolasak, tortilla lehiaketa eta beste hamaika ekintza dituzte prestatuta astebururako. 

Col d'Altamirara bizikleta igoerarekin hasi behar zituzten jaiak, baina euriaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dute ekintza. Dena den, eguraldi txarrak ez du jai giroa zapuztu eta txalaparta emanaldia aurrera eraman dute lehen eguneko ekitaldien artean. Bestalde, arratsaldean zehar, haurrentzat hainbat jolas prestatu dituzte. Auzo tabernaren irekiera, pin-pong txapelketa eta kantu-afariarekin jarraituko du jaietako lehen egunak.

Zapaturako ere egitarau osatua dakarte:

  • 10:00etan, yoga saioa
  • 11:00etan, patata tortilla lehiaketa eta gaztetxoendako jolasak
  • 13:15ean, euskal dantzak
  • 15:00etan, bazkaria
  • 18:00etan, marrazki lehiaketa eta umeendako tailerrak
  • 18:30ean, txantxikuaren-jolasaren txapelketa eta txokolate-jana
  • 19:30ean, disko festa
  • 21:00etan, Guk ein, zuk jan

Eusfera martxan

Bestalde, Taupa Mugimenduak sustatutako Eusferak ekimenak ere bere txokoa izan du Altamirako jaietan. Haurren ingurunea euskaldunagoa izatea helburu duen proiektuak txapak egiteko tailerra, aurpegi margoketa eta jolasak eskaini ditu lehen jardunaldian. Hurrengo hitzordua domekan izango dute, San Isidro plazan, 12:00etan hasita, familia taldeentzako jolasekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak