Etxepe taldeak 'Etxepeian' izeneko diskoa argitaratu du, agur esan aurretik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 8a

Etxepe taldeko kideak, entsegu-lokalean. Srgazkia: Mikel Ulli.

Gaur hasita, zazpikotearen hamabost kantu berri daude sarean –Youtube, Spotify...– entzungai; taldearen azken diskoa izango da.

Musika urbanoa ikur duen Arrasateko Etxepe taldea 2021ean sortu zuten, eta gaur egun honako hauek daude zazpikotean: Markel Mendizabal Axeri; Eli Maidagan Eli; Markel Maidagan Maida; Andoni Uriarte An2an; Endika Landaluze Harakin; Oihan Uribarren Fane eta Peio Martinez Peiotxu. 

Urte askotako ibilbidea ez izan arren, oso emankorrak izan dira; horren erakusle da gaur, egubakoitza, formatu digitalean argitaratu duten taldearen hirugarren lana: Etxepeian. Youtube, Spotify eta beste plataforma gehiagotan daude kantu berriak entzungai, eta ekainerako izango dute CD formatuan eskuragarri. 

"Agur-diskoa"

Bitxia bada ere, lan berriko aurrerapen-kantuekin batera iragarri zuten taldearen agurra. "Taldea itzaltzen ari zela ikusten genuen, eta geratzeko unea zela konturatu ginen, baina bukaera ona eman nahi genion, guretako Etxepe asko izan delako; hortaz, gure proiektuari omenaldi bat egin guran, kantu berriak sortu eta azken bilduma sortu dugu", azaldu du Fane-k. 

Ondo zukutu dituzte azken hilabeteak, gogo eta ilusio handiarekin lan eginez, euskaraz eta gazteleraz abestutako hamabost kantuko lana mardula argitaratzeko. "Mixtape bat da, ez du hari zehatzik; abesti bakoitzak bere kontzeptua edo gaia du. Orain arteko bidetik, rap, cumbia eta reggaeton doinuak ditu Etxepeian-ek oinarri, bestelako doinu gehiagoren nahasketarekin. Hitzei dagokienez, ohi bezala, maitasunari buruzkoak dira batzuk, kale giroari eta parranda giroari ere keinu egiten diegu beste batzuetan, eta albumaren izen bera duen kantuan, berriz, nostalgiko samar jarri gara, gure ibilbidea gainbegiratzeko eta, bide batez, zaleei eskerrak emateko".

Askotariko kolaborazioak

Aurreko lanetan moduan, Etxepe estudioan grabatu dituzte kantuak. "Maida-k egin ditu ekoizpen-lan guztiak, eta baita grabaketak eta nahasketak ere, eta, ondoren, Javi Calahorrak egin du masterizazioa".

Musika urbanoan ohikoak izaten dira musikarien arteko kolaborazioak, eta Etxeperen azken lanean ere gonbidatuak daude. "Lekeitioko 48280 kolektiboko Lil eta Txoron daude abesti batean; Iparraldeko Pisoo rap kantariak ere gurekin kantatu du; La Txama taldeko Aitor Valcarlosek tronboia jo du; eta Arrasateko Manex Carabias eta Ioritz Astaburuaga albokarien doinuak ere entzungo dituzue".  

Kontzertuak lotzen

Etxeperen atea itxi aurretik, aukera asko izango dira kantu berriak zuzenean entzuteko. "Datorren astean Gasteizen egingo duten Batbatean jaialdian izango gara, eta hurrengo astean Zamudion. Emanaldi gehiago lotzen ari gara, laster gure sare sozialetan iragartzen joango garenak; Debagoienean ere badugu kontzerturen bat edo beste egiteko asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak