Musakola izango da datorren astean epizentro, ospakizun betean

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 7a

Musakolako jai batzordeak prest dauzka San Isidroren bueltako festa-egunetarako osagaiak, kartel zirikatzailea barne. Maiatzaren 15etik 17ra garatuko dira ekintza nagusiak, baina aurretik ere egongo da zertaz gozatu. 

Maiatzaren 10ean, domeka, egingo dute Musakolako jaietako lehen ekintza, 3 eta 12 urte bitarteko haurren BTT irteerarekin.  Haurrak izango dira berriz protagonista maiatzaren 14an, osteguna. Goizean, jolasak, aurpegi margoketa eta bestelako ekintzak egingo dituzte San Isidro plazan Arizmendi Santa Teresa Ikastolako eta Arrasate HE Musakolako haurrek. Arratsaldean irekiko dute plazako txosna, pintxo-potea lagun. 

Aurten ostiralean tokatzen da San Isidro eguna, maiatzak 15. Goizean kalejira, prozesioa eta meza nagusia izango dira, eta ondoren herritarrentzako luntxa egingo dute San Isidro elkartean.

Eguneko ekitaldi nagusien artean daude umeen danborrada, ikurrinaren igoera, buruhandiak gaiteroekin, boxeo erakustaldia, gazteentzako tailerrak eta jolasak, spinning ikastaroa eta hiru txirlo bolo txapelketa. 

Gauean, San Isidro plazako kontzertuek hartuko dute protagonismoa. Victor Rutty, RSL eta EVEN igoko dira oholtzara, eta Parafernalia, Furonia eta David Medina DJek borobilduko dute gaua. 

Zapatuan, Kuadrillen Eguna

Biharamunean, Kuadrillen Egunean, haurrentzat puzgarriak eta asto jaia, gaiteroek girotutako herri txikiteoa, Urrezko Astokiloen banaketa, Herri bazkaria San Isidro plazan, Musakola motor irteera, sokatira txapelketa eta XAIBOk girotutako diskofesta  izango dira.

Gauean, berriz, San IsidRock festibalak girotuko du karpa. Ahmed eta Nur, 112, TAKE, Inguma,  Lepue Zapaldu eta Against You taldeek joko dute kontzertua. 

Azken eguna, topera

Domekan amaituko dira jaiak Gaixoa Ni egunarekin. Kirol eta erakustaldi ugari izango dira, besteak beste,  4x4 eskubaloi txapelketa, patinen erakustaldia, 3D inprimaketa tailerra, gimnasia erritmikoko emanaldia, erraldoiak eta herri kirolak, txakurrak trebatzeko erakusketa, mini-moto elektrikoak eta trial ikuskizuna. 

Bukatzeko, Javi Sound taldearen berbena izango da San Isidroko karpan, eta gaueko 22:30ean azken traka jaurtiko dute institutuko patioan, suzko erroberekin eta sorpresa ikusgarriarekin.

Eraso sexisten aurkako Punto Morea

Antolatzaileek jakinarazi dute kontzertuen karpan Puntu Morea egongo dela ostiral eta larunbatean, 20:30etik 00:30era, eraso sexisten aurkako prebentzio eta arreta gune gisa.

Halaber, auzotarrei dei egin diete denda, taberna, balkoi eta leihoak ikurrin berriekin apaintzeko, jai giroa indartze aldera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak