Josu Tornay: "Talde bezala lan handia egin dugu, baita aurreikuspen guztiak gainditu ere"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 7a

KUP taldeko kideak; ezkerretik hasita hirugarrena, Josu Tornay. Argazkia. Josu Tornay.

Apirilaren 18tik 29ra jokatu da Nazioarteko Xake Federazioak antolatutako taldekako beteranoen munduko txapelketa, Albaniako Durres hirian. Bigarren urtez jarraian, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa izan da han, eta haiekin izan da Josu Tornay (1971) xake-jokalari arrasatearra. 

Haren arabera, txapelketa berezia izan da taldearentzat; izan ere, parte hartu duten 36 taldetatik hamargarren postuan eskuratu du, "espero baino maila askoz handiagoa" emanda.

Munduko txapelketan parte hartu duzue, baina unibertsitate talde bezala. Nolatan hori?

Nazioarteko Xake Federazioak munduko txapelketak antolatzen ditu kategoria desberdinetan, eta, senior kategoriaren kasuan, 50 urtetik gorakoek bakarrik har dezakegu parte. Normalean txapelketara joaten diren taldeak selekzio nazionalak izaten dira. Baina, hala ere, federazio nazionalak baimena ematen badu, posible da xake talde batek edota instituzio batek parte hartzea txapelketa horretan. Gure kasuan, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren laguntzarekin eman genuen izena, eta, taldea unibertsitateko ikasle ohiek osatzea izan zen baldintza bakarra. Hala, bertan ikasitako xake jokalari batzuen artean talde bat osatu genuen iaz, eta 28.postua eskuratu genuen.

"Josep Anton Lacasarekin hitz egin genuen; eta Evarist Perezekin eta Jordi Gardelarekin osatu genuen laukotea".

Iaz 28.ak, eta aurten 10.ak; non egon da aldaketa?

Aurtengo ediziorako nahiko talde ona osatu dugu. Esaterako, xakean nazioarteko maisu Josep Anton Lacasarekin hitz egin genuen txapelketan parte hartzeko, eta Evarist Perezekin, Jordi Gardelarekin taldea osatu genuen. Gutxieneko baldintzak beteta genituela joan ginen Durreserantz, eta azpimarratu beharra dago talde bezala lan handia egin dugula.

Nolakoa da munduko txapelketa?

Bederatzi txanda dira, eta lau kide lehiatzen dira bakoitzean. Elo puntuen arabera erabakitzen da zein diren talde bakoitzeko lehena, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena, eta, ondoren, lehenek, bigarrenek, hirugarrenek eta laugarrenek aurkako taldean postu berean sailkatuta dauden jokalarien aurka jokatzen dute.

Hamaika egun izan dira; gogorra izan da txapelketa?

Azkenean, partidu luzeek bost edo sei ordu iraun dezakete, eta horrenbeste orduz kontzentratuta egotea oso nekagarria da. Lehia bakoitzaren atzean ere lan handia dago. Partidua baino lehenago aurkaria analizatzen da, ikusten da zer-nolako jokalaria den, eta nekagarria da prozesu hori guztia ere.

Zein izan da taldearen estrategia?

Gure estrategia zen aurreneko bi tableroek ahalik eta puntu gehien ateratzea, eta puntuen gehiengoa atzean eskuratzea. Hori ondo irten zen, eta bederatzi txandetan galdu genituen partiduak gutxigatik izatea oso lagungarria izan zen azken sailkapenerako. Azkenean, aurreikuspen guztiak gainditu ditugu, eta hamargarren postua eskuratu. Txapelketa borobila izan da.

"Gure helburua irabaztea izan ez bada ere, tentsio handiko txapelketa izan da guretzat"

Nola bizitzen da horrelako txapelketa bat barrutik?

Tentsioa leku guztietatik antzematen zen, baita irabazteko aukerarik ez zeukaten taldeengan ere. Jokalari profesionalak izatera heldu diren eta profesionalak izaten jarraitzen duten jokalari asko zeuden txapelketan, eta bazeuden irabaztea helburu zuten talde ugari. Gure kasuan, ez geneukan irabazteko presio hura. Baina, hala ere, gure taldean tentsioa bazegoen; izan ere, profesionalak ez bagara ere, gure denbora inbertitu genuen eta ondo lehiatu nahi genuen.

Nolakoa da munduko onenen aurka jokatzea?

Horrelako txapelketa bateko alderik politena da sekulako ibilbidea izan duten jokalariak ikusteko eta haien aurka jokatzeko aukera duzula. Esaterako, Artur Yusupov, Simen Adgestein, John Nunn, Michael Adams. Mugarri izan diren xake-jokalariak. Munduko onenetako batzuk. Adibidez, Norvegiaren aurka 2 eta 2 berdintzea lortu genuen, eta lehen tableroan Simen Adgesteinen aurka jokatu zuen Lacasak. Hura izan zen Magnus Carlsenen lehen entrenatzailea, eta, sekulakoa da, batetik, haren aurka jokatzea, eta, bestetik, partidua berdintzea.

"Horrelako txapelketa bateko alderik politena da sekulao ibilbidea izan duten jokalariak ikusteko eta haien aurka jokatzeko aukera duzula"

Nola joan zen txapelketa zuretzat?

Ni neu pozik nago emandako mailarekin, baina egia da txapelketan mugimendu batzuetan pixka bat hobeto definitu izan banu borobila izango zela. Lehenengo partidua Galesen aurka irabazi egin nuen, baina, haren ondoren, bi partidua jarraian galdu nituen, eta baita konfiantza pixka bat ere. Ostean, baina, berdinketa eta garaipen banarekin konfiantza berreskuratu nuen, eta, gorabehera batzuk izan baziren ere, FIDE maisua zen Hegoafrikako 2.taularen kontra, partidua irabaztea lortu nuen; oso lehia polita eginda, gainera.

Taldekako beteranoen munduko txapelketako lehen hamar postuen sailkapena Puntuak
1. Amerikako Estatu Batuak - 1 15
2. Italia 15
3. Kazakhstan  14
4. Ingalaterra - 1 13
5. Islandia  11
6. Hungaria 11
7. Ingalaterra - 3 10
8. Ingalaterra - 2 10

9. Alkaloid Xake kluba

10

10. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa

10

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak