Musakolan aterpe berri baterako aukera auzotarrekin aztertu nahi du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 6a

Aterpea, Arrasate Herri Eskolaren eraikin berrian.

Arrasateko Udalak Musakola auzoan aterpe berri bat jartzeko helburua duen partaidetza prozesua aurkeztu du. Prozesu horrek bi saio nagusi izango ditu maiatzean zehar, bizilagunek proiektuaren helburua eta kokapena adostu ditzaten. "Teknikoki posible denaren eta auzokideek egokien ikusten duten lekuaren arteko elkargunea eta adostasuna bilatzea izango da helburua", adierazi du auzoetako zinegotzi Mikel San Miguelek. 

Bi lan saio egingo dira: maiatzaren 13an bata, eta, maiatzaren 20an bestea. Parte hartzeko prozesua Musakolako Erretiratu Elkartean egingo diren bi bileratan egituratuko da:
 1. saioa: Maiatzak 13, 18:00 - 19:30. Zertarako aterpe bat?. Lehen saio honetan, aterpe berria zertarako nahi eta behar den hausnartuko da.
 2. saioa: Maiatzak 20, 18:00 - 19:30. Eta aterpe bat non?. Bigarren saioan, aterpea kokatzeko bost aukera posibleren gainean gogoeta egingo da. Kokapen bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertuko dira, bizilagunen lehentasunak jasotzeko asmoz.

Aterpearena, "aspaldiko eskaera"

Auzoetako zinegotzi Mikel San Migueleren arabera, musakolarren aspaldiko eskaera da aterpearena: "Musakolako bizilagunen aspaldiko aldarrikapena da aterpe hau izatea, eta guretzat lehentasunezkoa da eskaera horri erantzuna ematea. Hala ere, prudentziaz jokatu behar dugu; teknikariek adierazi digute ezin dela edonon eraiki, baldintza tekniko eta juridiko zehatzak bete behar direlako. Beraz, prozesu honen helburua teknikoki posible denaren eta auzokideek egokien ikusten duten lekuaren arteko elkargunea eta adostasuna bilatzea izango da". 

Aldez aurretiko prestaketa lana

Saio hauetara iritsi aurretik, Udalak lanketa sakona egin du Udaleko Hirigintza Sailarekin eta Musakolako auzo elkartearekin. Hirigintzako arduradunek kokapen ezberdinen bideragarritasun tekniko-juridikoa aztertu dute, aukera eta muga bakoitza herritarrekin partekatzeko prest izateko: "Udalak Musakolako bizilagun guztiak deitzen ditu prozesu honetan parte hartzera, auzoarentzat hain garrantzitsua den azpiegitura hau guztion artean adosteko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak