Garaikoetxea lehendakari ohia gogoan izan du Arrasateko udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko maiatzaren 6a

Minutuko isilunea, Garaikoetxearen omenez.

Maiatzeko ohiko osoko bilkuran, minutuko isilunea egin dute astelehenean hil zen Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren omenez. Halaber, nabarmentzekoa da Udal Hezkuntza Kontseiluaren araudia aho batez onartu duela udalbatzak.

Arrasateko Udalak "urrats esanguratsua" egin du herri hezitzailearen bidean, Udal Gobernuak azaldu duenez, Udaleko Hezkuntza Kontseiluaren berreskuratzea eta arautegia onartuta. "Organo berri hau ez da soilik aholkuak emateko gune bat izango, baizik eta tokiko hezkuntza-ekosistemaren gobernantza partekaturako tresna iraunkorra izango da", gaineratu du Gobernuak ohar bidez. Hala, kontseiluaren misio nagusia Arrasateko haur, nerabe eta gazteen hezkuntza-eskubidea bermatzen laguntzea da.

Jasone Giraldo Hezkuntza zinegotziak hartu du berba, hezkuntza-komunitateko eragile guztiei eskerrak emanez, araudia osatzeko prozesuan erakutsi duten "lanerako prestutasunagatik" eta egin duten "esfortzu handiagatik". Kontseilua elkarlan horren emaitza dela gaineratu du, eta "argi" erakusten duela hezkuntza herriaren motorra dela. "Eragile guztien inplikazioari esker, gure haur eta gazteei aukera-berdintasuna eta ongizatea bermatuko dien ekosistema indartsu bat eraikitzen jarraituko dugu, herri gisa ditugun erronkei erantzun bateratuak emanez".

Kontseiluak izaera zabala izango du, herriko askotariko errealitate islatzeko. Hala, talde politikoak, ikastetxeetako zuzendaritzak, irakasleak, familiak (guraso elkarteak), ikasleak, eta hezkuntza ez-formaleko zein aisialdiko eragileak (Arrasate Musikal, Txatxilipurdi...) egongo dira. Halaber, kontseiluak urteko memoria bat argitaratuko du jardunaren berri emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak