Prentsa ohar bidez, sozialistek zenbait eraikinen egoera salatu dute, adibidez, Kulturola, Seber Altube plaza eta Grupo San Juango sindikatuen eraikina. "Azken kasu horretan, zuzkidura-bizitokiak eraiki berri dituzte eta utzikeriaren sentsazioa dago. Bereziki deigarria da eraiki edo birgaitu berri diren espazioetan utzikeria irudi bat zabaltzea", adierazi du sozialisten bozeramaile Aritz Muruak.
Garbitasuna, Udalaren erantzukizuna
Udal Talde Sozialistak gogorarazi du garbitasuna mantentzea eta espazio publikoa zaintzea Udalaren erantzukizun zuzena dela: "Jarduera puntualetatik haratago joan behar du, eta estrategia integral eta eraginkor baten alde egin behar du. Ildo horretan, plan integral bat egitea proposatzen dugu, berehalako garbiketa-lanak, prebentzio-neurriak, herritarrak kontzientziatzeko kanpainak eta gizalegearen aurkako portaeren aurreko zigorrak uztartuko dituena". Muruak gaineratu duenez, pintaketak ugaritzeak eragin ekonomikoa ere badu: "Herriko estetikari eragiteaz gain, zuzeneko eragin ekonomikoa du diru-kutxa publikoetan, eta horiek kentzeak arrasatear guztiei eragiten dien kostua dakar".
Horregatik guztiagatik, PSE-EEren ustez, premiazkoa da jardutea: "Herriarekiko errespetua islatzen duten espazio garbiak eta zainduak nahi ditugu. Horregatik, EH Bilduri eskatzen diogu ekin dezala, ez beste alde batera begiratzeko eta neurriak berehala hartzeko. Bandalismorik gabeko herri baten alde egin dute, ingurunearekiko errespetua nagusi izango den herri baten alde".
