Dataz aldatuta eta auzoko adinekoei dei berezia eginda, badatoz Altamirako jaiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 4a

Dantza emanaldia, iazko Altamirako jaietan.

Hasiera batean apirilaren 18ko asteburuan ospatu behar ziren Arrasateko Altamirako jaiak baina Realaren Kopako finalak eraginda data atzeratzea erabaki eta maiatzaren 8an eta 9an ospatuko dituzte. 

Egitarauan nobedade handiena da kontzertua beharrean kantu afaria egingo dutela, Amaiur eta Garazi Barrenak gidatuta. Horrez gain, dei berezia egin nahi izan du "gero eta auzotar gehiago" batzen dituen jai batzordeak: "Nahiko genuke adineko auzotarrei dei berezi bat egin, esaterako, kantu afarian parte har dezaten. Eta gazteen artean ea badagoen hiru handiak egiten dituenik: San Andres, Altamira eta Musakola". 

Jai batzordetik gogora ekarri dute arrasatear guztiak daudela gonbidatuta: "Esan gabe doa arrasatear guztiak daudela gonbidatuta. Hori esanda, dei berezia egiten diegu auzotarrei; jaiak aukera ederra dira auzokideak elkartu eta ondo pasatzeko. Ea eguraldiak laguntzen duen eta, azken urteetan bezala, giro ederra dugun. Animatu!". 

Hona hemen egitaraua: 

Maiatzak 8, egubakoitza 

17:30 Eusfera ekimenaren hasiera ekitaldia. 

17:30-18:30 Umeendako tailerrak Geikeren eskutik. 

18:30 Bosgarren Col d'Altamirara igoera eta txalaparta. 

19:00 Auzo tabernaren irekiera.

19:00 Txalaparta tailerra Ttakun elkartearen eskutik. 

19:00 Nazioarteko II. Ping Pong eta hiruko txapelketa. 

21:00 Kantu afari musikatua plazoletan. Amaiur eta Garazi. Jatekoa eta edatekoa auzo tabernan. 

Maiatzak 9, zapatua

10:00 Sirena eta yoga, Arrasate Yoga Elkartea. 

11:00 Auzo tabernaren irekiera. 

11:00 Patata tortilla lehiaketa. Zuk ein, guk jan. Ondoren, gaztetxoendako jolasak. 

13:15 Euskal dantzak. 

15:00 Bazkaria Herri Gain elkartean. Txartelak salgai Altamirako albaitaritza zentroan salgai. 

18:00 Marrazki lehiaketa eta ume-tailerrak. 

18:30 Txantxiku-jolasaren txapelketa, 18 urtetik gorakoentzat. Ondoren, txokolate-jana. 

19:30 Disko festa: DJ Txintxurreta. 

21:00 Guk ein, zuk jan. Jatekoa eta edatekoa auzo tabernan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak