Maiatza hastearekin batera, Dorleta Kortazar gonbidatu dute Emakume Txokora, emakumeen historia eta istorioak abiapuntu dituzten bere bi ipuinen inguruan berba egiteko. Maiatzaren 7an izango da hori, 18:30ean. Hona hemen ipuin kontaketarekin lotutako bideoa.
Antzinako emakumeei aitortza
Otsailean hasi zuten Jabetze eskolan, Pepa Bojo Ballesterrek gidatuta, arbasoak eta emakumeak ezagutzeko eta ekarpena balioan jartzeko ikastaroa; emakumeek historian zehar izandako papera "aitortzeko" helburuarekin. "Euren oroimena, jakintzak eta ekarpenak berreskuratzea eta gizarteak, familiek eta guk geuk eman diogun garrantzi txikia dela eta, itzalean geratu dena agerian uztea", azaldu dute Emakume Txokotik.
Martxoan, bestalde, Uxue Alberdiren Esne berriketan liburua aurkeztu zuten, bertso-saio musikatu bitartez. Liburu horrek emakumeei buruzko istorioak jasotzen ditu, nagusiki emakumeen ahotik kontatutakoak.