"Euskal Herriko mapa musikala osatzea" helburu duen bideopodcast berria estreinatuko du Guauk, martitzenean. "Euskal musika panoramaren aniztasuna eta aberastasuna" erakusteko hainbat lurraldetako eta askotariko estilotako artistak izango dira protagonista. Guztira, hamar talde edo bakarlari gonbidatuko dituzte eta bakoitzak beste artista, talde edo musika-eszena batzuk proposatuko ditu, mapa musikal kolektibo hori osatzen laguntzeko.
Elkarrizketak eta kantuak
Saio bakoitzaren ardatza elkarrizketa izango da eta Jokin Bereziartua kazetariak gidatuko du hori. Gonbidatuen jatorri pertsonal eta artistikoan murgildutako elkarrizketak izango dira, haurtzaroko erreferente musikalak aztertuta eta gaur egun musikari gisa bizi dituzten erronkak, tentsioak eta ikuspegiak mahai-gaineratuta.
Era berean, artistek beren zuzenekoaren atzealdea erakutsiko dute, eta bi kanta abestuko dituzte: haien errepertorioko pieza bat eta euskal artista baten bertsio edo cover bat. Horrez gain, jolas eta dinamika arinek ere izango dute lekua, hala nola galdera azkarrak edo euren bost kantu gustukoenen zerrenda osatzea.
ABAO komunikazio agentziak ekoitzi du saioa EITB Mediarentzat. Atal berriak astero, asteazkenetan, argitaratuko dira Guau plataforman.
Estreinaldia maiatzaren 5ean
Arrasateko Rumba tabernan kokatutako plato berezi batean grabatu dira bideopodcastak, "formatuari gertutasuna eta nortasun berezia" emanez. Eta estreinaldia ere han egingo dute maiatzaren 5ean, 18:00etan. Sona-ren gidari Bereziartuak aurkeztuko du, eta harekin batera izango dira EITB Mediako Irrati eta Audio zuzendari Maite Goñi eta Abao Komunikazio Agentziako Miren Arregi eta Nekane Muñoz. Aurkezpena girotuko du Flako Fonki-k, hainbat kantu zuzenean abestuta.
Ekitaldia bertatik bertara ikusi gura izanez gero aldez aurretik idatzi honako helbidera: info@abao.eus
