'Desobedienteak 18/98' antzezlana Amaia antzokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko apirilaren 30a

Tanttaka Teatro konpainiaren lana Arrasateko Amaia antzokian izango da ikusgai, zapatuan, 19:30ean; Arrasate.eus atarian daude sarrerak eskuragarri, hamar eurotan.

Zientzia Politikoetan doktoratu berri den Ainhoa (Aiora Enparantza) izeneko neska gazte baten doktoretza-tesiaren defentsa abiapuntu hartuta, desobedientzia zibila eta 18/98 sumarioaren auzia lantzen ditu Tanttaka Teatro konpainiaren antzezlanak. "Orain dela bost urte Egunkaria-ren itxieraren gaia landu genuen antzezlanaren bide beretik dator. 18/98 sumarioan lehenengo aldiz erabili zen desobedientzia zibila metodo politiko moduan, Estatuaren aurka egiteko. Hori guztia nire adineko askok dugu gogoan, baina, gazte askorendako gai arrotza denez, aproposa iruditu zitzaigun protagonista gazte bat izatea" azaldu du Mireia Gabilondo zuzendariak.

Ikus-entzunezkoekin lagunduta

Enparantzarekin batera beste lau aktore izango dira taularen gainean: Kepa Errasti aretxabaletarra, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola eta Omar Somai; baina gehiago dira antzeztuko dituzten pertsonaiak. Antzerkiaren ohiko baliabideez gainera, historian zehar desobedientzia zibilaren ikur izan diren hainbat pertsonaren irudiak erakusten dituzten proiekzioekin lagunduta kontatuko dute erritmo azkarra duen istorioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak