Nhil taldearen kontzertua, gaur, apirileko Kooltur Ostegunak zikloa borobiltzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko apirilaren 30a

Nhil taldea, Aretxabaletako Komentuko lorategian egin zuen kontzertu batean.

Aretxabaletako musika taldearen eskutik, pop, rock, jazz eta funk doinuak izango dira gaur, eguena, Arrasateko gaztetxean entzungai, 22:00etan hasita; sarrerak, zazpi eurotan.

Musikazale askorendako asteroko hitzordua da Kooltur Ekintza taldeak orain dela urte asko Arrasateko gaztetxean antolatzen duen Kooltur Ostegunak musika zikloa. Ekimen "maitatua" da, era berean, taularen gainera gonbidatzen dituzten musikarientzako ere. Hauxe dio gaur, eguena, apirileko egitaraua borobilduko duen Aretxabaletako Nhil taldeko bateria-jole Asel Errastik: "Sekulako ilusioa dugu gaurko kontzerturako. Beti gustatu eta miretsi izan dugun ekimena da, antolakuntzagatik eta baita urte askotan borondatez egindako lanagatik ere. Askotan joan izan gara ikusle moduan".

Ohi bezala, 22:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrera zazpi euro da. Irailean argitaratu zuten "ibilbide polita egiten ari den" Etxea lana oinarri hartuta egingo du Aretxabaletako seikoteak gaurko emanaldia, bestelako kantu gehiagorekin osatu badute ere kantu-zerrenda, "kontzertu beteagoa" egiteko asmoarekin. "Eskualdean datozen hilabeteetan lotuta dugun kontzertu bakarra da; beraz, zalantzan dagoen jendea bertaratzera animatu gura dugu".

Maiatzean, amerikarrak

Urrian hasita, maiatzean borobilduko dute Kooltur Ostegunak zikloaren ikasturtea, eta dagoeneko lotuta dute azken egitaraua, atzerriko taldeei eta baita euskal musikariei ere gonbidapena eginda. "Ameriketako Estatu Batuetako bi talde izango dira gurean. Datorren eguenean, maiatzaren 7an, The Hangmen punk-rock-and-roll talde potentea izango da taularen gainean. Gurean izandakoak dira, eta 40. urteurrenaren biraren baitan gonbidatu ditugu, bigarrenez".

Izen eta eskarmentu handiko musikari amerikarrek osatzen duten The Pandoras taldeak hartuko du lekukoa maiatzaren 14an. "Emakumeen garage-rock eta power-pop talde aitzindaria da The Pandoras, Europan biran ari dira eta Arrasatekoa izango da Euskal Herrian egingo duten kontzertu bakarra".

Trigger eta Mihise ondoren

Gertuagoko musikariekin osatu dute maiatzeko egitaraua: "Biolontxeloarekin trebezia handia duen Eñaut Zubizarreta Trigger-ek sortu duen Salbaiak izeneko azken lana aurkeztuko du maiatzaren 21ean; eta 2019ean Usurbilen sortutako Mihise hirukotea izango da ikasturte honetako azken gonbidatua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak