Bingen Errastik ahaztuko ez duen txapelketa izan du hau. Ez horrenbeste PAOK Tesalonikaren atzoko finalean protagonismoa izan zuelako, arrasatearrak aulkitik jarraitu zuelako partidua, baina bai aurtengo denboraldian Jaume Ponsarnauk Europan debuta egiteko aukera eman diolako, eta azken partidu erabakigarri hauetan parte-hartzerik izan ez badu ere, titulu honetan arrasatearrak bere ekarpena egin duelako. Azken bi hilabeteak kantxetatik kanpora egin ditu Errastik, hezur haustura batetik errekuperatzen ibili delako. Azken astean, baina, taldearen dinamikara itzuli da, eta bertatik bertara jarraitu du azken partidu honetarako bilbotarrek egin duten prestakuntza.
Esan moduan, lesioa tarteko azken hilabete hauetan ezin izan ditu Europan minutu gehiago jokatu. Baina, besteak beste, fase erregularrean Prievidza-ren, Brno-ren eta Kutaisi-ren kontrako partiduetan minutuak jokatu zituen –eta saskiratzeak egin–, eta beste horrenbeste gertatu zen bigarren faseko BC Pärnu eta Sporting CP-en kontrako partiduetan. Alegia, gazte arrasatearra errotazioetan sartu du Ponsarnauk, eta kantxan minutuak izan ditu.

Miribillan, zaleen aurrean, txapeldun
Surne Bilbo Basketek bi aldiz jarraian irabazi du FIBAren Europako Kopa, eta atzo zaleen aurrean ospatu zuten lorpena, iazko txapelketaren itzulikoa etxetik kanpora jokatu zuten eta. Esan moduan, joan den astean Greziatik kontrako markagailuaz itzuli ziren, PAOK Tesalonikaren kantxan 79-73 galdu zuten, eta atzoko partidu erabakigarrian 89-74 irabazi zuten.
Lehen laurdenean nagusi izan zen PAOK: 19-23. Baina bigarrenean etxekoak hobeto ibili ziren erasoan eta partiduan aurretik jartzea lortu (43-41). Bizkaitarrek orduan lortu zuten finala berdintzea –7 puntuko aldea egitea– 60-53arekin, eta greziarrak jota zeudenean bizkaitarrek azeleragailua sakatu zuten, eta laugarren laurdenean norgehiagoka erabakita utzi (89-74). Pozik zen Bilbo Basketeko entrenatzailea: "Une txarrak igaro ditugu, baina defentsari eta ahaleginari esker egin dugu aurrera. Denok batera irabazi dugu garaikur hau", adierazi zuen Pornasauk. Hala, Ointxe!-ko harrobiko jokalari batek FIBAren Europako Kopa irabaztea lortu du, eta gaur jarraituko du ospakizunekin, Bilboko kaleetan.
