"Gobernu honen kudeaketa gaitasun faltaren adibide garbia da hau. Herritarrek parte hartzeko prozesuak hasten dituzte, baina ez dituzte proiektuak gauzatzen; ahaztuta geratzen dira, eta egin zituzten promesak bete gabe", adierazi du Arrasateko EAJren eledun Ander Garayk.
Plaza berritzea, "premiazkoa"
Garayk uste du asteburu honetan jaiak ospatuko dituen auzoarentzat "premiazkoa" dela Gudarien plaza berriro urbanizatzea: "Udal Gobernuak agintaldi honetan plaza berritzeko konpromisoa hartu zuen; 2024an parte-hartze prozesua egiteko eta proiektua idazteko, eta 2026an obrak egiteko. Baina ez dute hitza beteko. Bizilagunei promes politak bai, baina benetako ekintzarik gabe. Hau da EH Bilduren eredua: bete gabe utziko duten hitza ematea. Guk beste eredu bat dugu, herritarrei entzuten diena eta prozesu parte-hartzaileetatik ateratzen dena aurrera eramaten duena".
Partaidetza prozesua uda baino lehen amaitzeko eskaera
Jeltzaleek, besteak beste, parte hartze prozesua uda baino lehen amaitzea eskatu dute, San Andresko bizilagunek euren plazarako zer nahi duten erabaki ahal izan dezaten. "Irailetik aurrera, erabaki hori behin betiko proiektu bihurtu behar da, eta 2027ko aurrekontuetan obrak egiteko partida ekonomiko bat sartu. Helburua argia izan behar da: Gudarien Plaza 2027an zehar berriro urbanizatzeko obrak hastea, auzoarentzat eta bizilagunentzat hain beharrezkoa den espazio hori berritzeko promesa betez", esan du Garayk.